Bosnia EBn sartzeko negoziazioak hastea proposatuko du Bruselako Batzordeak
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak atzo iragarri zuenez, Bosnia-Herzegovinarekin bat egiteko negoziazioak abiatzea gomendatuko die 27ei, Sarajevok 2022ko amaieran hautagai estatusa onartu zionetik abiatutako erreformak ikusita.
«Hautagai estatutua eman genionetik urrats izugarriak egin ditu gure norabidean. Urtebete pasatxoan hamarkada batean baino gehiago aurreratu da», txalotu zuen Von der Leyenek.
Bosnia «erabat lerrokatuta» dago orain EBren atzerri eta segurtasun politikarekin, eta hainbat lege tramitatzen ari da, «hala nola interes gatazkak prebenitzekoa, dirua garbitzearen aurkakoa edo terrorismoaren finantzaketaren aurka borrokatzekoa», onartu zuen datozen bost urteetan Europako Batzordeko buru izaten jarraitu nahi duen politikari alemaniar eta demo-kristauak.
Gainera, Von der Leyenek adierazi zuenez, «migrazio-fluxuen kudeaketa hobetu dute, Nazioarteko Zigor Auzitegiaren epaiak etxeko erregistro kriminaletan sartuko dituzte eta bakearen alde lan egiten jarraitzeko batzorde bat martxan jarri dute».
UKRAINAREN INBASIOTIK
Bosnia-Herzegovina EBn sartzeko hautagaia da 2016tik, baina negoziazioak azkartu egin dira Errusia 2022ko otsailaren 24an Ukraina inbaditzen hasi ondoren. «Azken urteetan abiadura handiagoan hurbiltzen joan gara eskualde honetara», aitortu zuen Batzordeko presidenteak.
Joan den abenduan egindako goi bilera batean, EBko 27 herrialdeek erabaki zuten Bosnia Europako blokean sartzeko hautagaia izatea.
Von der Leyenek adierazi zuen EBk mendebaldeko Balkanei buruzko ikuspegia aldatu duela eta, haien zain egon eta «atea irekita dagoela esan» beharrean, orain «erantzukizuna bere gain hartu eta EBrako bidea babestu» nahi duela.
«Bosnia-Herzegovinatik datorren mezua argia da; beraz, gure mezuak argia izan behar du: Bosnia-Herzegovinaren etorkizuna EBn dago», esanez amaitu zuen agerraldia.
EBko estatu kideek hurrengo goi bileran eztabaidatuko dute auzia, martxoaren 21ean eta 22an, Bruselan.