GARA Euskal Herriko egunkaria

Korrikaren oihartzuna munduko hainbat herrialdetara iritsiko da

Mundu osoan bizi diren euskaltzale zein euskal etxeek hamarka Korrika antolatu dituzte, baita horien inguruko ekitaldi ugari ere. Gehienak asteburu honetan izango diren arren, Parisen, Bruselan, Bremenen eta Terrassan egin dituzte dagoeneko. Madrilen, debekuak debeku, aurrera jarraituko dute.

Korrika egin zuten lehen euskaltzaleak Pariskoak izan ziren, martxoaren 2an irten baitziren kalera. (AEK-KORRIKA)

Pasa den edizioan, 2022koan, euskararen aldeko lasterketak lau kontinente eta 45 hiri hartu zituen, eta aurtengoak ere antzeko bideari ekin dio. Egunez egun zerrenda handitzen badoa ere, aste honen hasieran ia 40ra iristen zen Korrikak antolatu dituzten hirien zerrenda.

Kontinenteka, Europan hogei bat lasterketa antolatu dira eta Ameriketan 16, baina Asian ere izango da Korrikarik: Tokyon eta Mumbai hirietan hain zuzen. Japongo hiriburuan martxoaren 16an izango da hitzordua, bertako unibertsitateko euskal irakurletzako ikasleek antolatuta, eta Indiako hirian, aldiz, martxoaren 17an. Afrikako lurretara ere iritsi da Korrikaren oihartzuna, eta Saharan euskararen aldeko lasterketarekin bat egin dute, Tindufeko errefuxiatu kanpamenduetan hain zuzen.

Europari dagokionean, espainiar Estatuan izango dira Korrika gehienak, tartean Madril, Bartzelona, Mallorca, Terrassa eta Valladoliden. Espainiar hiriburuan larunbata honetarako zegoen hitzordua jarrita, baina Udalak ez du “Korrika Txulapoa” ospatzeko baimenik eman.

Antolatzaileek jakitera eman dutenez, 2013az geroztik “Korrika Txulapoak” Madrilen euskara modu arautuan irakasten den hiru tokiek antolato izan dute: Unibertsitate Konplutentseak (Moncloa-Aravaca barrutia), Jesús Maestro Hizkuntza Eskola Ofizialak (Chamberí barrutia) eta Euskal Etxeak (Centro Barrutia).

2020 urtera arte, PP-k zein Más Madrid-ek gobernatutako udalek baimendu egin izan dute ekitaldia. 2022ko edizioan, ordea, PPko Udalak ez zuen onetsi “Korrika Txulapoa”k Chamberí barrutia zeharkatzea. Baina, baimenik gabe ere, ospatu egin zen aipatutako hiru barrutiak zeharkartuz jai-giroan eta umore onean.

2024ko edizioari begira, antolatzaileek 2023ko urrian eskatu zioten Moncloa-Aravaca barrutikoari ekitaldirako baimena, eta barruti horretako zinegotzi-presidenteak ezezko ebazpena eman zuen, argudio bakartzat esanez «ez dela egokitzat jotzen». Debekuak debeku, aurten ere aurrera jarraitzeko asmoa dutela iragarri dute antolatzaileek.

FRANTZIAR ESTATUAN

Frantziar Estatuari dagokionean, Parisko hitzordua martxoaren 2an izan zen, hiriburuko Euskal Etxeak eta Sustraia Erroak elkarteak antolatuta. Sacré-Coeur atzean elkartu ondoren, lasterketa Parisko Euskal Etxera abiatu zen eta bertan sekulako festa ospatu zuten janari, edari, bertso, trikitixa eta musika talde ezagunen eskutik. Parisko ekitaldiaz gain, ostegun honetan bertan Bordelen “Korrika ufatua” egingo dute Topa jatetxean eta Okzitaniako Tolosan ere izango da Denak Bat elkarteak antolatuta.

Europan zehar ere ospatu dituzte aurtengo Korrikak, esaterako, Bruselan (pasa den larunbatean, Euskal Etxeak antolatuta), edota Alemaniako Bremen hirian, pasa den igandean, Bremengo Euskal Kultur Elkarteak (BEKE) antolatuta. Korrika txikia eta haundia egiteaz gain, piknika, euskal musika eta euskal futboleko derbia ere antolatu zituzten.

Asteburu honetan, honako hirietan ospatuko dira Korrikak: Berlin, Bologna, Brno, Edinburgo, Gdansk, Poznan eta Varsovia. Eta hurrengo asteburuan, berriz, London eta Munich hiriburuetan.

Atlantiko itsasoan jauzi eginez, Ameriketako hitzordu gehienak larunbata honetan bertan izango dira. Hego Amerikan, esaterako, Argentina da euskaltzale gehien biltzen dituen herrialdea eta bertan, La Plata eta Buenos Aires hirietan antolatu dituzte ekitaldiak. Azken honetan, Korrika txikia eta haundia egingo dituzte, Euskaltzaleak elkarteak eta Ciudad Autónoma de Buenos Airesek antolatuta.

Txileko Santiagon ere ez dute hutsik egingo, kasu honetan martxoaren 23an, Txileko Unibertsitateak eta Santiagoko Euskal Etxeak antolatuta.

Iparraldera joaz, Sao Paulo, Lima, Montevideo, Bogota, Medellin eta Habana bezalako hirietan antolatu dituzte euskararen aldeko lasterketak, gehienak asteburu honetan. Eta Ipar Amerikan, azkenik, honako hitzorduak iragarri dituzte: Mexiko Hiria, Illinois, Kalifornia, New York, Washington eta Montreal, guztiak larunbata honetan.

BIDEO LEHIAKETA

Aurreko ekitaldiekin batera, eta azken urteotako hitzarmenari eutsita, Etxepare Institutuak ere bere gain hartu du Korrikaren leloa munduan barreiatzeko konpromisoa. Horretarako, besteak beste, unibertsitate-esparruko irakurletzetan lanketa berezia egiteaz gain, bideo lehiaketa antolatu dute.

Guztira, hamabi parte-hartzaile izan dira aurtengoan, Europa, Ozeania eta Ameriketako unibertsitate eta Euskal Etxetakoak. Irabazleak, Julio Jimenez eta Owen Willson izan dira, Gure Txoko Centro Vasco Valladolideko kidea eta The University of Edinburgheko euskara ikaslea, hurrenez hurren.

Bideo guztiak AEKren Youtubeko kanalean egon dira ikusgai azken asteotan eta “Atsegin dut” gehien dituzten bi bideoek AEK-k antolatutako online barnetegi pertsonalizatu bana jasoko dute, bi pertsonarentzako.

Unibertsitate sareko bideo bozkatuena Owen Willsonena izan da (40 atsegite); Euskal Etxeen sareko bideo bozkatuenak, aldiz, Julio Jimenez-ena (223 atsegite) izan da.