GARA Euskal Herriko egunkaria

Lizar Begoñaren lehen eleberria: «Mundu zitalaren kontra»

Beka jaso eta eleberria idazteko urte bete pasatuta, Lizar Begoñak atzo aurkeztu zuen aurreneko nobela, ‘‘Mundu zitalaren kontra’’. Benidormen kokatu ditu bi belaunaldi ezberdinetako bi emakume, hangoa bata eta bizkaitarra bestea.

Igartza beka eskuratu ostean, bere lehen eleberria ondu du Lizar Begoñak. (Jon URBE | FOKU)

Lizar Begoñak Benidorm hautatu zuen bere eleberriaren kokalekutzat. Bi belaunaldi ezberdinetako bi emakume dira protagonistak. Eszenatoki horretan gertatzen da “Mundu zitalaren kontra” (Elkar) eleberria. Begoñak 25. Igartza beka eskuratu zuen, eta atzo goizean aurkeztu zuen Donostiako Elkar etxean.

Xabier Mendiguren editoreak eleberri «berezia» dela aipatu zuen hasieran, kontatzen duenarengatik bezainbat kontatzeko moduarengatik: «Bi pertsonaien kontrasteak hartzen du indarra». Begoñak hiru ardatz nabarmendu zituen aurkezpenean: pertsonaiak, kokalekua eta kioskoa.

Bi belaunaldi ezberdinetako bi emakume dira protagonistak. «Bi lekukotasun ekarri nahi nituen» esan zuen, eta horregatik sortu zituen. Lehena Pilar da, XX. mende erditsuan kioskoa ireki zuen arrantzalearen alaba, ahizpa zahar elbarriarekin bizi dena; «paperaren salmentak eta ahizparen zaintzak kezkatzen du batik bat», zehaztu zuen Begoñak. Bigarren pertsonaia neska gazte bizkaitar bat da, ez du izenik, eta udako lan bila joan da Benidormera; «digitalizazioaren garaian jaiotakoa da».

«Iruditzen zitzaidan antiliterarioa izan daitekeela Benidorm. Valentziako kostaldeak badu gordintasun puntu bat, eta euskal literaturan oso gutxi erabili da», azaldu zuen. Benidormeko historiak ere erakarri zuen; aurkezpenean kontatu zuen nola 50eko hamarkadan iritsi zen «turismoaren booma, New York imitatu nahian», baina ordura arte herri arrantzalea izan zela, eta ekonomia sustatzeko asmoz abiatu zutela turismo kanpaina. «Egun turistaz gainezka dagoen leku bat da, erakargarria egin zitzaidan», eta azaldu zuen Benidormen historia ez duela «esplizituki» kontatu, baina badaudela testuingurua jartzen duten «printza» batzuk.

Aipatu zuen hirugarren ardatza kioskoarena da: «Figura moduan erabili dut kioskoa. Sinbolo bat izan daiteke paperezko edukien eta eduki digitalen artean». Kioskoak iradokitakoak ere jaso ditu lanean: «Kioskoek itxuraz badute egitura berezi bat, denda tipikoetatik ezberdintzen dituena, kale erdian dauden kapsula moduko batzuk dira».

HIZKUNTZEN NAHASKETA

Modu bereizian kontatzen dira bi pertsonaien bizikizunak. Begoñak azaldu zuen «modu simetrikoan» egiten ahalegindu dela. Lehen pertsonan idatzita daude bi ahotsak: «Laneko txanden arabera topo egiten dute. Badago beraien arteko elkarrizketaren bat. Ez daude zuzenki lotuta, baina tarteka badaude loturak».

Eleberriak duen beste bereizgarri bat hizkuntzen nahasketa da. Euskaraz idatzita dago, baina gaztelania, ingelesa eta katalana ere ageri dira. «Nire ustez errealitatera ekartzen du hizkuntzen nahasketa horrek, ahozkotasun ezberdinak ekartzeaz gain, nolabait lur hartzen du», argitu zuen.

Aurrez bi poema liburu argitaratuta ditu Begoñak, eta bere idazketa estiloan horrek izan du eraginik: «Oso deskriptiboa da, sotila da, ekintzak eta tramak ez dira oso gorabeheratsuak». Eta egun eskuartean beste proiekturik ez badu ere, erosoen poesian sentitzen dela aitortu zuen. Nahiz eta «oso zirraragarria» egin zaion eleberriaren idazketa: «Polita bezain beldurgarria izan da. Oso pozik nago».

Ideiaren iturburua edota inspirazioa Martin Parr argazkilari ingelesaren argazki segida bat izan zela kontatu zuen, Benidormi buruzkoa, eta Ainara Alkortak liburuaren azala ere hartan inspiratuta egin duela. «Argazki segida oso erakargarria iruditzen zait, eta hortik ere elikatu izan naiz», esan zuen.