GARA
BILBO

Emakumez soilik osatutako lehen udal gobernua dauka Larrabetzuk

Larrabetzuko udal gobernua.
Larrabetzuko udal gobernua. (GARA)

Larrabetzun udal gobernu talde berria daukate atzotik. EH Bilduko Amaia Lekuek hartu zuen Iñigo Gazteluren lekukoa alkatetzan eta Mari Aiartza zinegotzi berria izendatu zuten asteazkenean. Hala, herriaren historian emakumez soilik osatutako lehen udal gobernua eratu dute.

Otsailaren 28an egindako osoko bilkuran, Iñigo Gazteluk Larrabetzuko alkate izateari utzi zion; hirugarren legealdia zuen karguan. Orduan sare sozialen bidez azaldu zuenez, «erabakia pertsonala da». «Ia bederatzi urte daramatzat Udalarentzat eta udalerriarentzat lanean, beste gauza guztien gainetik, eta azken hilabeteetan motxila honek pisu handiegia dauka», gaineratu zuen.

Halaber, etorkizunera begira «zinegotzi talde ona» dagoela ohartarazi zuen EH Bilduko alkateak, «ilusioz eta gogoz, onartutako gobernu planari aurre egiteko» modukoa. Azaldu zuenez, «irakats nezakeen guztia mahai gainean jarrita, dagoen gobernu taldeak ondo egingo duela seguru nago». Hala ere, laguntzeko prest agertu zen.

Ildo horretan, atzo osatu zuten udal gobernu talde berria, eta Amaia Lekuek hartu zuen Iñigo Gazteluren lekukoa alkate karguan. Orain arte alkateorde izan da Lekue.

Mari Aiartza zinegotzi berriaren izendapenarekin, Larrabetzuk emakumez osatutako lehen udal gobernua izango du. Historian zehar ohikoak izan dira gizonezkoak baino ez zeuden udal gobernuak; ez, ordea, emakumezkoz osatuak.

«Ohikoa balitz, ez genuke nabarmendu beharko. Posible dela ikusarazteko goratu behar dugu», azpimarratu zuen udal gobernuak.