M. UBIRIA
UZTARITZE

«Udaberri politikoa» indartzera datorren Uztaritzeko Aberri Egunean parte hartzeko gonbidapena zabaldu du Bagirak

Bagira mugimenduaren agerraldia, atzo, Uztaritzen.
Bagira mugimenduaren agerraldia, atzo, Uztaritzen. (Guillaume FAUVEAU)

Bidarrain 2022ko abenduan eginiko aurkezpenean aitortu zuenez, iraungitze datarekin sortu zen Bagira. Horrendako, ondoko hamarkadetan ezkertiar eta abertzaleek bilatuko dituzten helburuak jasoko dituen bide-orria aurkeztu ondoren, bere ibilbideari amaiera emanen dio dinamikak, hilaren 31n, Uztaritzen antolaturiko Aberri Egunean.

Ipar Euskal Herrian mugimendu abertzale garaikideak eginiko lanari buruz transmisio historiko fase batekin hasi zen Bagiraren ibilbidea. Handik abiatuta, inoiz eginiko galdeketa prozesurik zabalenari bide eman zion dinamika horrek. 1.500 lagunek erantzun zioten XXI. mendeko mugimendu abertzaleak jorratu beharreko lehentasunak, modu partekatu batean, finkatzeko xedeaz antolaturiko inkestari. Dagoeneko galdeketa hori guztiz lagungarria egin zaio Bagirari, bide-orria idazteko.

Galdetegiari erantzun zioten herritarrek bost lehentasunezko alor zehaztu zituzten: euskara, etxebizitza, klima aldaketa, arlo soziala eta laborantza herrikoia. Era berean, mugimendu abertzalean egin beharreko eraldaketari bide emateko hiru helburuak markatu zituzten: ikuspegi feminista garatzea, gazteriari antolatzen laguntzea eta elkarlana sustatzea.

Gogoeta luze eta parte hartzaile horren emaitza gisara ulertzen du Bagirak hiru lurraldeetako abertzaleek aurrera eraman beharreko erronkak bilduko dituen dokumentua.

EGUN OSOKO EGITARAUA

Martxoaren 31n, 9.30ean aurkeztuko du dinamikak aipaturiko bide-orria, Lapurdi gelan. Manifestazioa abiatuko da 11.00etan Herriko Etxetik, eta horren ondotik ekitaldia iraganen da. «Momentu politiko azkar hori behar bezala ospatzeak merezi duelakoan», egun osoko besta egitaraua antolatu du Bagirak. Hala, «zikiro herrikoari» esker indarrak bildu ostean, besta egiteko ordua iritsiko da Uztaritzen. Afixan: Roba Estesa, Andoni Ollokiegi, Auhen eta Janus Lester taldeak, eta DJ Bull.