GARA Euskal Herriko egunkaria

Save the Childrenek adingabe migratzaileen salerosketa arriskuaz ohartarazi du

Save the Children erakundeak azpimarratu du beharrezkoa dela Irun bezalako migratzaileentzako mugako herrietan arreta jartzea, horietan adingabeen salerosketa-egoerak gerta baitaitezke.

Pare bat gazte, Irungo harrera-etxean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak, beste sei erakunderekin batera, proiektu bat abiatu du, adingabe atzerritarrak eta emakume gazteak salerosketatik askatzeko. Proiektuak babesleku seguruak sortzea du helburu eta Irun bezalako mugako herrietan babes-programak gazteen eskura jartzea.

Proiektuan parte hartzen duten erakundeak herenegun eta atzo bildu ziren Gipuzkoako udalerrian sexu- eta lan-arloko gizakien salerosketaren eta esplotazioaren arazoari aurre egiteko. Espainiako 2022ko datuei erreparatuta 1.180 pertsona izan ziren salerosiak, %53 emakumezkoak eta %47 gizonezkoak.

ESPLOTAZIO SAREAK

«Mugako hirietan jarri ohi da arreta, hala nola Irunen, hemen gerta baitaitezke salerosketa-egoerak eta haur migratzaileen eskubideak urra baitaitezke», azpimarratu zuen GKEak. Aitortu zuenez, «kezka sortzen du azken hilabeteetan gero eta arriskutsuagoa izatea haurrentzat migrazioak, salerosketa-sareetan eror daitezkeelako».

2024ko lehen hilabeteetan, Irungo Hilanderas zentroak 70-80 pertsona inguru artatu ditu egunean. «Haur askok erabakitzen dute beren burua adinez nagusi deklaratzea, pentsatzen dutelako penintsulara bidaiatu ahal izango dutela Espainiako babes-sisteman geratu gabe eta migrazio-bidaiarekin jarraitu ahalko dutela, Frantziara joan ohi baitira», adierazi zuen Jennifer Zuppiroli adituak. «Mugako herrietara iristen diren haurrak kalteberagoak izaten direla baliatzen dute esplotazio sareek», gaineratu zuen.

Save the Childrenek gogorarazi zuen azken bi urteetan 819 haur migratzaile desagertu direla babes-zentroetatik, eta azpimarratu zuen badirela Europan esplotazio-sareak daudela frogatzen duten ikerketak.