GARA Euskal Herriko egunkaria
FUTBOLA

Kontzentrazioaren derbia jokatuko dute Athleticek eta Alavesek San Mamesen

El próximo 3 de marzo, cuando se cumplan 30 años de los asesinatos de los cinco obreros gasteiztarras», compuesta aquella misma noche

Kopako kanporaketan Athleticek 2-0 irabazi zion Alavesi. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Inguruan dabilen zaratari jaramon egin ez eta 90 minutuetan zelaian gertatzen den horretan kontzentratzeko gai den taldeak garaipenerako bide erdia baino gehiago izango du egina gaur gauean (21.00) Athleticek eta Alavesek jokatuko duten derbian. Etxekoentzat gaurkoa hiria eta herrialdea hankaz gora jarri duen apirilaren 6ko Kopako finalaren aurreko azken lehia izango da Bilbon, eta gasteiztarrek ere badute pozik egoteko motiborik; azken astean Rayori irabazita Lehen Mailan jarraitzea egintzat eman dezakete eta horrek ere ekar dezake atentzioa zertxobait desbideratzea. Selekzio desberdinekin jokatu behar dutenen zerrendak ere distrakzio iturri izan daitezke azken orduetan.

Sevillako partidak osterantzeko guztia estal dezakeen arren, zuri-gorriek Championserako postuak eskura dituzte eta Atletico Madrilek eta Bartzelonak elkarren aurka jokatzen dutela jakinda, aukera paregabea da bi talde hauei presioa sartzeko. Asmo horretarako, Ernesto Valverdek ezin izango ditu zigortutako Paredes eta min hartuta dagoen Yuri zelairatu, eta Ander Herrerak ere oso zail izango du. Oihan Sanceten presentzia ere zalantzan dago, bihurritu txiki bategatik. Atzeko lerroan dituen arazoengatik, batez ere erdian, Egiluz gaztea sartzea ere oso posible da.

ARANTZA ATERATZERA

Bilbon ez bezala, Gasteizen astea oso lasaia izan da eta, denboraldiko helburu nagusia eskuan dutela, Luis Garcia Plaza entrenatzaileak garbi utzi zuen atzo Glorioso «lehiakor izateko, eta ez konpartsa bat izateko, igo zela Lehen Mailara», eta zaleei beste poz bat eman nahi diete garaipena eskuratuta.

Bide batez, Kopako arantza ateratzeko modua ere egin dezakete babazorroek, Bilbon kanporatu baitzituen Athleticek final-zortzirenetan. Alaveseko entrenatzaileak, Sedlar ez ezik, gainerako jokalari guztiak jokatzeko moduan izango ditu.