GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Aurrean lehen, atzean orain


Gazako giza eskubideak. Gizaren Gaza eskubideak. Gaza gara. Ezinkeria; ez dago gauza txarragorik gauza txarretara ohitzea baino. Protesta egiten dugu, bai, hor-hemen, gaur eta bihar ere, eta beti ozen, baina ezinean. Agian ez dugu kontuan behar bezala hartzen haizeak nondik jotzen duen eta, beraz, gure garrasiak norantz eramaten dituen; deserturen batera ote? Protesta beharrezkoa izanda ere ez da ezelan ere nahikoa, ez han ez hemen. Total, ezinak bizi gaitu. Gosearen aurpegia dugu egunero ikusgai TBko albistegietan, otorduetan ikusgai. Eta ez dakizu jaten segitu behar duzun ala... jaurtigailu aproposen bat botatzeko botoi gorriren bat sakatu, eta gerokoak geroko!

Gosearen aurpegia ez ezik, gosearen gorputz osoa ikusgai, hezurrak behintzat, mamia aspaldian galduta. Gorputzak gorpu, hilotz, irribarretsu diren estatu-seme eta -alaba soldaduen argazki-kamerako zoomaren aurrean. Eta kolpea! Ume palestinar jaio berriek, bizitzen segituz gero, jana airetik datorrela pentsatuko dute, garai bateko beste batzuen mana bailitzan. Eta Getsemaniko ortua zeruan dela. Eta barazkiek ez daukatela azpitik sustrairik, gainetik sokak baizik... Eta Askatasunaren Estatua dagoen zabortegian pozarren, paraxutei bestelako erabilera emanez ekonomiaren zirkulartasunaren alde ari direla sinetsarazi guran.

Zaila izanda ere, alda nazala meridianoz. Han onik ez eta handik hona. Kantauriko zerrenda honetan kanpainan gara. Antxoarena, bai. Eta Korrikarena. Kolpea gero honena ere! Orain urte asko borra itxura osoko lekukoa eskuan altxatuta zeramatenen aurrean egiten genuen korrika, nor baino nor azkarrago; ‘txakurrada’ esaten genien. Baina gauzak zelakoak diren! Egun, testigu itxura osoko lekukoa eskuan daramatenen atzean egiten dugu korrika, hori bai, nor baino nor azkarrago...