GARA Euskal Herriko egunkaria
ALASKA

Haldas eta Tomaszewski poloniarrek «Gerra hotzak» izan dituzte hizpide nagusi

Izen hori jarri diote Moose’s Tooth mendiaren hegoaldeko hormatzarrean neguan zabaldutako ibilbideari (A3, M5, 980 m). Big wall horrek hamar eguneko lan gogorra eskatu die.

Pawel Haldas, luze batean sokaburu; Marcin Tomaszewskirekin Alaskan big wall ederra zabaldu du. (Marcin TOMASZEWSKI)

Patagoniak ez du inor epel uzten. Argentinako orratzei dagokienez, El Chaltenera hurbiltzen den bakoitzak berezko esperientzia eta bizipenak izaten ditu. Hurrengo protagonistei ere gauza bera gertatu zaie. Orratz eta mendi estetiko horien hormak lehen aldiz ikusi eta haien sarean erori ziren. Eta horien guztien artean bada bat erakarpen berezia duena: Cerro Torre.

Batez ere, 80ko hamarraldian, alpinista poloniarrek erabateko nagusitasuna erakutsi zuten neguko zortzimilakoetan. Jaun eta jabe izan ziren. Hari horri tira egiten badiogu, ikusiko dugu egun muturreko hotzak ez dituela uxatzen big walletan jarduten duten eskalatzaile poloniarrak.

Horren adibide argia dugu Marcin Tomaszweski. Norvegiako Troll Wall horman, Eigerreko iparraldeko murruan, Karakorumen, Groenlandian… Sokakide ezberdinekin alderdi horietan guztietan muturreko hotzarekin bide berriak zabaldu ditu.

Azkena Alaskan izan da. Pawel Haldasekin Moose’s Tooth-eko hegoaldeko hormatzarrean “Zimne wojny” (“Gerra hotzak”) sortu berri du. Alaskan neguan jarduteak beste estadio batera eramaten du, eta, otsailaren 20tik martxoaren 8ra, sokada horrek 980 metroko ibilbidea zabaldu zuen. Zailtasun teknikoak: A3 eta M5. “Gerra hotzak” marrak 19 luze eta bi zati ditu. Lehenbizikoan, 730 metrokoan, mistoa eta artifiziala dira nagusi. Bigarrenean, berriz, 250 metrokoan, elurrezko 60-70°ko aldatsak gainditu behar izan zituzten.

Jarduera ikusgarri hori bukatu bezain laster, Tomaszewskik honakoa aipatu zuen: «Argi eta garbi diot, Alaskako eskalada hau Groenlandiakoa baino askoz ere gogorragoa izan da. Murrua oso ederra da; teknikoa ere bai».

Lerroburu nagusi horiek aipatu eta gero, Tomaszewskik berak GARAri azalpenak eman dizkio Haldasekin batera Moose’s Tooth-en ireki duen bidearen inguruan.

MOOSE’S TOOTH

«Onartu behar dut Pawel eta biok Alaskara abiatu ginenean ez genuela helburu zehatzik. Bi inguru aztertu genituen: Kichatnako mendilerroa eta Moose’s Tooth. Azken erabakia oso naturala izan zen; izan ere, gure intuizioan eta sentimenduetan oinarritu ginen azken erabakia hartzeko. Azkenean, Moose’s Tooh-eko hegoaldeko isurialdea izan zen erronka. Oro har, ez nuen alderdi horretako bideen inguruko informazio asko lortu; hedabideek ez zuten ia ezer aipatzen Alaskako big walletan egin diren neguko eskaladei buruz.

«Egoera lasai hartu eta abenturan zentratu ginen. Igo nahi genuen horma horren aurrean egotea oso berezia izan zen. Bazirudien oin-puntetan genbiltzan bi haur ginela. Eta gure alboan gurasoak gozotegiaren barraren atzean dagoen galleta gozo hori seinalatzen. ‘Cookie’ hori aukeratzeko askatasun sentsazioa ederra da.

«Lehen egunean, goizeko 6.00etan jarri genuen iratzargailua. Dendatik 7.00etan irten ginen, baita ziztu bizian berriro lo-zakuetan sartu ere. Kanpoan hotz handia egiten zuen, eta gure hatzak zein behatzak erabat izoztu zeuden. Egun horretatik aurrera, iruditu zitzaigun iratzargailua ordubetez atzeratzea egokiagoa zela.

«Gailur nagusiaren eta mendebaldekoaren artean hurbilketa bidea egitea positiboa zen. Banekien sasoi horretan izotza osatzen ari zela, eta, hortaz, elur egonkorrik ez genuen topatuko. Elur-jausien beldur, 60-70°ko aldats bat igo genuen. Bizkarrera eraman genituen poltsa astun handiek ez zuten batere laguntzen. Kanpalekutik hormaren oinarrira eramaten zuen ibilbidean elur sakonetik kristalizatura pasatu ginen.

«Arrokazko lehen sekziora heldu bezain laster, gure hamaka antolatu genuen. Biharamunean, berriz, tresneria osoa garraiatu genuen. Eskaladari ekiteko ordua zen. InReach izeneko gailuak adierazten zuen zeroz azpiko tenperatura genuela. Alabaina, eguraldi eguzkitsua gailendu zen. Hotz horrek gure hatzetan eragin handia izan zuen; besteak beste, argazkiak ateratzeko orduan asko sufritu genuen. Zaila zen oso odol-zirkulazioa berreskuratzea. Eskalada honetan berebiziko garrantzia zuen kendutako eskularrua txaketan sartzeak; izan ere, segundo batzuetan izotz-kandelak sortzen ziren. Horretaz gain, nire azken espedizioetan hartutako erabaki bat indarrean jarri nuen: beharrezko denbora hartzen nuen behatz zein hatzak berriro berotzeko. Eta funtzionatzen du. Azken urteotan egin ditudan nire espedizioetan nire kideak eta nik ez dugu inoiz izozketarik izan.

«Lehen luzeak eskalatzen hasi eta borroka gogor batean murgildu ginen. Lehenik eta behin, negu gordinarekin, eta, bestetik, hormarekin. Artesi batzuekin ezustekoa izan genuen; besteak beste, hondar asko eta harri txikiak zituztelako. A2-A3 mailako luzeetan erabilitako tresneriaren %70-80 ‘bird beak’ eta iltzeak izan ziren. Friend-ak ere erabili genituen, baina ez hainbeste.

«Nahiz eta hautatu genuen artesia oso agerikoa zen, igoera guztiak irudimena eta sormen lan handia eskatu zigun. Ehunka metro batzuk gainditu ostean, gure hamaka elurrezko zelai eroso batera eraman genuen. Elur hori kozinatzeko beharrezkoa zen. Hormara eraman genuen gasa gure lo-zakuen barruan ‘berotzen’ bagenuen ere, oso mantso funtzionatzen zuen. Eta elurra urtzeko denbora asko igaro behar zen. Horregatik, zerealak esnearekin hartu ordez, kafe pixka batekin konformatu behar genuen.

«Bestalde, horman igarotako denbora eta eguraldi aldaketak gako izan ziren. Bi egunean behin elurra egin zuen. Elur-jausi gogorrak sortzen ziren eta aurrera jarraitzeko gure ausardia zalantzan jarri zuten. Tenperatura -30°ekoa zen. Egunero luzeak banatu genituen, eta ez genekien oso ziur nor zegoen posizio egokienean; hots, liderra edo aseguratzailea. Hotzaren erruz, azken hori erdi lo geratzen zen. Lumazko jakak ere izotzaren eraginpean zeuden. Ordu gutxian erabat izozten ziren. Sokaburua bero zegoen, baina metro guztietan borroka handia egin behar izan zuen. Teknikoki ez zen oso zaila, baina… Nahiz eta bidearen oinarrian soilik arroka ikusi genuen, webgune batzuetako argazkietan mistoko luze batzuk azaltzen ziren. Eta horrela izan zen. Hil honen 8an, eskaladaren hamargarren egunean, tontorrera abiatu ginen. Murru monolitikoa eskalatu ondoren, rappel bat egin eta azken metroak zain genituen. Egun horretan, bederen, eguraldia gure alde zegoen. Sei luze horietan denetarik egon zen: eskalada librea, elurra, mistoa…

«Pawel izan zen gailurra zapaldu zuen lehena. Handik minutu batzuetara ni heldu nintzen. Sokakidea pozarren zegoen elurretan eserita. Gure gainean ez zegoen ezer; puntu garaienean geunden. Eta gure alboetara, garai honetan hutsik dauden Alaskako mendiak.

«Pawelek eta biok zorte handia izan dugu. Alabaina, den-dena eman behar izan dugu eskalada honetan arrakasta lortzeko. Ezezaguna zen pareta batean sartu ginen. Gainera, behera begiratu gabe. Haur batek altuerari beldurra dionean bezala. Baina metodo horrek funtzionatzen du. Une zehatz horietan mundua beste ikuspuntu batetik begiratzen dut, gizaki baten pentsamenduak baztertuz. Gizateriari aurre egiteko? Une batez beste pertsona bat bihurtzeko? Ezin dut azaldu. Gure aukeraketan ezberdinak gara. Asko eskalatzen dut, eta ohartu egiten naiz eskalada tresna bat besterik ez dela. Agian, gauza inportante bat egiteko giltza izan daiteke. Pareta batean zintzilik nagoenean, uste dut gizakiei estimu handiagoa diedala. Neure buruarengan ere konfiantza sendoagoa. Eta hori guztia oso garrantzitsua da giza harremanetan».