GARA Euskal Herriko egunkaria
ARMAGABETZEAREN ALDEKO LUHUSOKO EKIMENAREN AUZIARI BEGIRA

Konponbide osoari bidea zabaltzeko bi bakegile errugabetzea eskatu dute

ETAren armagabetzea lortzeko bidean 2016ko abenduan Luhuson eginiko «desobedientzia ekimena», beharrezkoa soilik ez, zilegi ere izan zela defendatzeko, gizartearen ordezkaritza zabala bildu zen, atzo, Lapurdiko herrian. Agerraldi horrekin apirilean 2 eta 3an Parisen epaituko dituzten Beatrice Molle-Haran eta Txetx Etxeberri bakegileen errugabetzea galdetu zuten.

200dik gora lagunek babestu zituzten Txetx Etxeberri eta Beatrice Molle-Haran, azken honen etxe aurrean eginiko agerradian. (Patxi BELTZAIZ)

ETAren armagabetze prozesua ez atzera ez aurrera zegoela pizgarri bilakatuko zen ekintza martxan eman zuten aitzindari izan ziren dozena erdi bat bakegilek Luhuson, 2016ko abenduaren 16an.

Mixel Bergouignanek, Mixel Berhokoirigoinek, Michel Tubianak eta Jean-Noel ‘Txetx’ Etxeberrik, kameraria den Stephane Etxegarairen laguntzarekin, Beatrice Molle-Haranen etxean, Luhuson, hitzordua hartu zuten egun horretan ETAren arma multzo bat indargabetzeko. Frantziar Poliziak, ostera, ekintza eten eta bertan ziren lagunak atxilotu zituen. Halarik ere, desobedientzia ekimenaren berri emateko aitzinetik prestaturiko planak ez zuen kale egin. Hala, albistea barreiatu zen eta berehala heldu zen erantzuna, lehenik Luhusoko plazatik bertatik eta handik egun gutxira milaka lagun Baionako karriketan bildu zuen manifestazioaren bidez.

ETAren armagabetzea bururatzeko ezinbesteko aktore bilakatuko zen bakegileen mugimendua abian zen.

Hain zuzen, ehunka bakegileren laguntzaz armagabetzea bururatu zen, 2017an Baionan, eta urtebete beranduago erakunde armatuak mende erdiko ibilbideari behin betiko amaiera eman zion.

Zazpi urte eta erdi igaro dira Euskal Herria aro politiko batera igaro zedin garrantzi handia izan zuen Luhusoko ekimenetik. Alta, Terrorismoaren aurkako Fiskaltzaren bultzadapean, Beatrice Molle-Haran eta Txetx Etxeberri Auzitegi Korrekzionalean epaituko dituzte, apirilaren 2 eta 3an, Parisen. Auzi horren atarian, bi auzipetuok errugabetzea galdegiteko, 200dik gora lagun bildu ziren Luhusoko etxe famatuenaren aitzinean.

Anaiz Funosas Bake Bideako presidenteak eta Daniel Elixiri Bakegileen ordezkariak hitz gozoak izan zituzten denbora honetan zendu diren Mixel Bergouignan, Mixel Berhokoirigoin eta Michel Tubiana oroitzeko. Lehenengo bien familiak izan ziren ekimenean. Hala, GARArekin mintzatuz, galdutako aitarentzako aitortza aintzat hartu ondoren «Bea eta Txetxen zuritzea» galdatu zuen Iñaki Berhokoirigoinek. Agerraldian izan zen, halaber, Giza Eskubideen Ligako (LDH) ohorezko presidente izan zen Michel Tubiana bakegilearen lanari segida eman dion Jean-François Mignard.

HAUTETSIEN ORDEZKARITZA.

Iragan urtarrilaren 18an bi auzipetuen sostenguz abiaturiko kanpainak dagoeneko 6.000 sinadura inguru bildu ditu.

Etxeberri eta Molle-Haran errugabetzea eskatzen duen manifestuarekin bat egin dute hala nola zortzi ministro ohik, 35 bat parlamentarik eta dozenaka auzapezek.

Bi bakegileen aurkako auziak inolako zentzurik ez duela adierazteko izan ziren Luhuson Parisen parlamentari aritzen diren Vincent Bru, Max Brisson, Iñaki Echaniz eta Frederique Espagnac. Baita Madrilgo Kongresuko diputatu Mertxe Aizpurua ere. Bertan izan zen Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko burua, baita erakundean jarduten duten familia politiko ezberdinetako kontseilari anitz ere. Han ziren, besteak beste, Daniel Oltzomendi lehendakariordea eta Peio Etxeleku EAJren IBBko burua.

«Deia argia da, Euskal Herrian aro berri bat behin betiko ireki ahal izateko, Txetx eta Beatrice errugabetzea ezinbestekoa da», aldarrikatu zuten guztien izenean hizlariek.