GARA Euskal Herriko egunkaria
KORRIKA 23

ERRIBERATIK JIRA ETA BIRA, AURRERA EGIN DU KORRIKAK

Euskararen ofizialtasuna aldarri, mozorroak eta festa giroa nahasi dira Erriberako kilometroetara hurbildu diren milaka lagunen artean. Tuteran bi aldiz igaro da Korrika, eta Lodosara iritsi zen gauean. Nafarroako hegoaldeko euskaldunak inoiz baino harroago sumatu dira. Lizarraldean gaua igaro eta gero, gaur Arabaren txanda da.

Gazteenek ere lekukoa eraman zuten atzo kilometro askotan. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Eremu ez-euskalduna da Erribera ofizialki. Hala ebatzi zuen 1986an onartutako Euskararen Foru Legeak. Euskalgintzaren eta AEK bezalako egitasmoen erronkak ez dira makalak inguru horietan. Baina txikitik handiak egiten jaioa den herria da gurea. Eta igande honetan txiki gelditu da Erribera, bertako euskaltzaleen handitasunak eztanda egin baitu.

Goiz-goizetik giro ona nagusitu da errepideetan zain zen jendearen artean. Alesbestik irtetean, Cadreitara bidean, Katxal kuadrillak lekukoa hartu du 684. kilometroan. Mutrikutik etorri dira, baina ez zaie bidaia astunegi egin. Bertsotan azaldu dute; furgonetara igo eta mikrofonoa eskuan hartuta, honakoa bota du batek: «Bi orduko bidaia gutxi gorabehera / baina hementxe gaude bultzatzen euskara / gora Mutriku eta, ai ai ai ai... gora Erribera!».

GORA SAN ZURRU!

Mozorro asko ikusi dira egun osoan zehar. Katxalen kuadrillak lasterketako lehen lerroa utzi ostean, kilometro batzuk aurrerago spiderman txiki batek hartu du lekukoa. Koloretako ileordeak, gonak, puxikak... Inauteri kutsua hartu du Korrikak. Cadreitan, 693. kilometroan kuadrilla bitxia zegoen bide ertzean. Aterki handi bat zuen batek, alkandora koloreduna soinean, bisera bat zuen burutik lurreraino iristen zitzaion errezel zuria eusten. Panpina buru bat zuten haiekin, hura ere nahiko tuneatua. San Zurru da. Kuadrilla horren santu propioa. Hilaren 28ak ostiralarekin bat egiten duenean San Zurru ospatzen dute lagun tuterar horiek. Ohitura berriak beti dira beharrezkoak.

Malda handirik ez da izan Tuterara bidean, eta horrek agian erraztu du, mozorrodun asko elkartzeaz gain, gurasoek ere haurrekin karrotxoan lasterka egin ahal izatea. Ez dira gutxi izan gaur. Haur koxkorragoak ziren Abarzuzako Zumadiako eskolako ikasleak. Castejon sarreran ziren haiek, guraso eta irakasleekin batera. Lizarraldetik Erriberara mugitu dira, eskolako zuzendari Angel Gartziak azaldutako moduan, Korrikaren helburuekin bat egiteko: «Euskal Herria osoan komunitatea egitea eta euskararen aldeko gure testigantza eta gure aletxo txikia uztea». Haien eskualdean gaztelania nagusi dela azaldu du, baina etorkizunaz ilusioz mintzo da. Belaunaldi berrietan D ereduaren aldeko apustua handitzen ari dela dio; haien eskola horren isla da, matrikulazioek gora egin baitute azken urteetan.

TUTERA: BITAN BADA, ASKOZ HOBE

Tuterako Ebro Zubiak eta Kristoren pasealekuak bat egiten duten puntua izan da hiriko sarrera eta irteera puntua. Bitan igaro da Korrika bertatik. Castejondik iritsi da, Tuteran sartu eta Murchantetik Cascantera aurrera egin du lasterketak, geroago berriz hirigunera itzultzeko.

Txiki gelditu dira bertako kaleak lehen unetik. Lehen kilometroan Euskal Herriko hainbat lekutatik bertaratutakoak zain ziren. Asko itzalaren bila, eguerdian 28 gradura iritsi baitira termometroak. Lekukoa hartzeko zain Lezo eta Tuterako gazte asanbladetako hamarnaka gazte ziren. Ostiraletik elkarrekin asteburua pasatzen ari dira, harremanak sendotu eta bata bestearen errealitate soziolinguistikoa ezagutzeko asmoz. Hala azaldu dio NAIZi Ainhoa Salaberria lezoarrak.

Gazteek egin dituzte maldan gora Tuterako lehen metroak. Kaleak estutzen joan diren heinean, emozioek gainezka egin dute. Tuterako gaiteroek doinua jarri diote Korrikari eta Union Tutera futbol taldeak, haien ke-poteak haizatuz, berde eta hori kolorea eman diote ekimenari.

Murchante sarreran, lasterketak Ane Elordi Korrikako koordinatzailea omentzeko tartea izan du. Une hunkigarria izan da zinez. Elordi-Vicente sendiaren kilometroan hartu du testigua arduradunak, malko eta animo artean, bere senitartekoekin batera. Hilabete luze hauetan egindako lana eskertu diote Elordiri furgonetatik, eta mezua indartu dute espaloietan txaloka ziren guztiek.

Cascanten ere lagun mordoa pilatu da musikadun furgonetaren atzean eta bertatik lasterka egin dute, Tuterara bigarrenez sartzeko.

Argia ikastolako ikasleek lekukoa hartu dute orduan, haiek izango baitira euskararen berme eskualdean. Datorren ikasturtean 40. urteurrena ospatuko du ikastetxe honek.

BARDEATIK AURRERA, LODOSARA BIDEAN

Ebro ibaia gainetik zeharkatuz Korrikak agur esan dio Tuterari. Arguedasen ehunka euskaltzale zain zituen. Korrika batzordeak bazkaria antolatu du eta, sabela beteta, gorputza astintzeko eta euskararen alde korrika egiteko prest ziren.

Lur koloreko forma hipnotikoek osatzen dute Bardea. Eta horiei jarraiki aurrera egin du ekimenak, paisaia ederren artean. Valtierra, Milagro, Azagra eta Andosillatik igaroko da gauean Lodosara iristeko. Goizeko ordu txikitan Lizarraldea zeharkatuko du, Araban barna murgiltzeko.