GARA Euskal Herriko egunkaria

Iñigo Martinez: «Kalean ikusten ditugun gehiengoak ez dira gobernuetan ikusten»

Iñigo Martinez, Ezker Anitzako kidea, NAIZ Irratian. (GARA)

Bi legealditan parlamentaria izan ondoren, Ezker Anitzako antolakuntza idazkari bezala ekingo dio apirilaren 21eko hauteskunde kanpainari Iñigo Martinez Zatonek. Hauteskundeotan Sumar koalizioaren parte gisa aurkeztuko da IU-Ezker Anitza, Sumar Mugimendua bera eta Equorekin batera. Asteburuan EAEn izandako kutsu ezberdineko mobilizazio ugariei erreparatuz, arlo sozialean dagoen batasun hori erakundeetan islatzeko beharra aipatu zuen Martinezek NAIZ Irratian: «Kalean ikusten ditugun gehiengoak ez dira gobernuetan ikusten. Momentua da gobernu ezberdinak martxan jartzeko».

Haien helburuak arlo sozialean kokatuz, lehentasunak lana, osasun sistema, hezkuntza eta etxebizitza direla zehaztu zuen Martinezek, guztiak «gurutzatzen» dituen trantsizio ekosozialarekin batera. Etxebizitza legearen defentsa eginez, EAJk «xisteratik atera» duen azken hauteskunde promesa kritikatu zuen; etxe bat okupatu duten pertsonak 48 ordutan kaleratzekoa, hain zuzen. «Okupazioak 100 izan ziren aurreko urtean eta, aldi berean, 18.000 lagun ditugu izena emanda Etxebiden», adierazi zuen Martinezek; «EAJ jada bide legalak dituen fenomeno oso txiki marjinalean zentratzen da, eta ez die erantzunik ematen 18.000 pertsona horiei edo etxebizitza bila ditugun 60.000 pertsonei».

Etxebizitza Legeak emandako aukera baliatzera deitu zuen Martinezek, baita hezkuntza publikoa lehenestera ere, edota Osakidetza indartzera, sektore pribatuaren gorakadaren aurrean. Helburuak hauek izanda eta hauteskunde osteko balizko akordioez galdetuta, zuzen mintzatu zen: «Alderdi aurrerakoiekin elkar ulertzeak zentzua dauka».

KOALIZIO SENDO BAT

Alba Garcia buru izango duen Sumarren hautagaitza azken unera arte luzatu baina kale egiten duten Podemosekiko negoziazioek baldintzatu dute. Sarritan «helburuak partekatzen» dituztela esan arren, «kasu honetan Podemosek erabaki zuen bere kabuz aurkeztea», Martinezen esanetan.

«Guk etorkizuneko koalizio sendo bat osatu dugu Sumar, Equo eta Ezker Anitzaren artean», gaineratu zuen.