GARA Euskal Herriko egunkaria

Igandean Baionako amaierako jai handira joateko gonbita

Korrikaren bukaerako besta handia aurkeztu zuten, atzo, Baionako Patxa plazan. (AEK KORRIKA)

Igandeko bukaera egun handia aurkezteko, Korrikaren arduradunek prentsa agerraldia egin zuten atzo, euskaldunentzako gune biziki ikoniko batean: Baionako Patxa plazan. Deialdia egin zuten Euskal Herriko txoko guztietako jendea bertara dadin, eta, era berean, ustea adierazi zuten hitzordu ederra izanen dela Baionako herritarrentzat nahiz eragileentzat, euskararen alde lanean segitzeko akuilua.

9.14 aldera sartuko da Korrika Baionan, Polo Beyrisetik. Lauga, Cam de Prats eta Resplandy kaia igaro, eta Santizpirita zubitik Santa Kurutzera eta Baiona Ttipira joko du.

Amaiera ekitaldia Askatasun plazan izanen da, herriko etxearen parean. Lekukoa 12.30erako iritsiko dela aurreikusita dago, azken kilometro nazionalak egin ondoren. Une horretan jakinen dugu nor den lekuko barruko mezu sekretuaren egilea, eta, noski, baita mezuaren beraren edukia ere. Ekitaldi nagusiaren aurkezlea Pantxika Maitia izanen da, Kanaldude telebista katearen aurpegi ezaguna.

EGITARAUA, IPARRALDEKO ERAGILEAK LEHENETSITA

Azken eguneko arduradun Ibai Capot Thornaryk azaldu zuen «kasik dena prest dela» Baionako jairako eta ospakizunak egun osoa iraunen duela. Besta handia prestatu dute, «Korrikak merezi duen modukoa». Horretarako auzolanean aritu da Baionako eta Ipar Euskal Herri osoko antolaketa taldea.

Ekitaldiak lau gune nagusitan sakabanatuta egonen dira, jende guziari begira, egitarauan Iparraldeko kultur eragileen partaidetza lehenetsita. Lau gune nagusitan zabalduko da besta. NAIZ gunea da lehena; hor Anje Duhalde, Xutik, Xiberots eta SFM izanen dira gozagarri. Bigarrenean, Merkatu plazan, Kuxkuxtu, Ibil Bedi, Frikun eta Bilabal iragarrita daude. Xaho kaian Etxepare gunea izanen da; han, jarririk bazkaltzeko parada egonen da: zikiro jan herrikoia, Euskal Herriko Laborantza Ganbarak antolaturik. Txartelak Korrikaren webguneko dendan eros daitezke. Pontx pailazoak animatuko du bazkalondoa.

Patxa plazan, Haira, Zetkin, Toc, Nakar, Kuma No Motor eta AKTS izanen dira.

Karriketan animazioa izanen da egun osoan: Patxi eta konpainia, Topatopia batukada Ixtaklok, Patxaranga ta Kuxkuxtu.

Jean Rene Etchegaray Baionako alkateak ere parte hartu zuen prentsaurrekoan. Nabarmendu zuenez, edizio honetan bereziki hiri osoa aritu da buru-belarri Korrikaren alde.