GARA Euskal Herriko egunkaria

Talaia Feministak herritarrei, instituzioei, eragileei eta gizonei gomendioak eginez borobildu du 2023ko dosierra

Talaia Feministak 2023ko dossierra aurkeztu zuen. (Jon URBE | FOKU)

Talaia Feministak 2023. urteko behin betiko dosierra aurkeztu zuen atzo EHUko Ibaetako Campusean. Ondorioak gogorarazi ostean, ikuspegi feminista eta subiranistatik gomendio sorta bat aurkeztu zuen; jendarteari, instituzioei, eragile sozialei eta gizonezkoei propio zuzendutakoak. Adierazi zuten gogoeta-gomendioak bertaratu ez diren erakunde eta eragile politiko, sozial eta ekonomikoei ere igorri dizkietela, «2023ak emakumeengan izandako inpaktua azter dezaten».

GOMENDIOAK JENDARTEARI

«Antolaketa eta erantzun feministarako gaitasuna erakutsi dugu», baieztatu zuten. Hala ere, Euskal Herria ez dela «oasi» bat ohartarazi zuten: «Eskubide urraketa kolektiboak pairatzen ditugu, eta horiek erantzuleak dituzte». Egiteke asko dagoela azpimarratu zuten; besteak beste, lanaren eta aberastasunaren banaketan, indarkeriaren aurrean, homogeneizazio kulturalari dagokionez eta aztarna ekologikoari begira.

Instituzioengan ere jarri zuten arreta; eskubide kolektiboen urraketa salatu zuten, eta egoera horrek kausak eta erantzuleak dituela azaldu. Aldi berean, instituzioen «zuriketa morea eta berdea» salatu zuten.

Eraldaketarako giltzarri izan ohi dira eragile sozialak, eta beraien inguruan ere ibili ziren hausnarrean Talaia Feministan. «Euskal Herri burujabea eraikitzeko trantsizio prozesua feminismoz betetzea» dute helburu, eta horretarako, eragile sozialetatik «apustu hirukoitza» egin beharra azpimarratu zuten: desmerkantilizazioa, desfamiliarizazioa eta eredu publiko-komunitarioa.

Azkenik, «dei berezia» egin zieten gizonei «beren berrikuspenean erantzukizunak har ditzaten». Horretarako, hiru ardatz nagusi proposatu zituzten: indarkeriaren eguneroko berreraikuntzan jokatzen duten papera, zaintzen arloan ardurarik ez hartzea eta orain arte prozesu feministetan jokatu duten paper ahula.