Oihana AZKUE - Ion GARATE
Entrevista
JAGOBA ARRASATE
Euskal Selekzioko hautatzailea

«Uruguairen aurkako partida beste esparru batzuetan ere jokatzen da»

Jagoba Arrasate (Berriatua, 1978) Euskal Selekzioko hautatzailea «ilusioz» dago etzi, larunbatean, San Mamesen, Uruguairen aurka jokatuko den partidarako. NAIZ Irratian egindako elkarrizketan onartu du ofizialtasunaren bidean pausoak emateko inflexio puntua izan behar dela: «Urrats hau ematea beharrezkoa zen, aurrerantzean gehiago emateko».

(Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Euskal Selekzioak Uruguai izango du aurkari etzi, larunbata, San Mamese estadioan (20.00etan). Lau urteren ondoren, gizonezkoen taldea berdegunera itzuliko da. Jagoba Arrasate hautatzaileak atzo eman zuen deialdiaren berri; «ahal zen eta deialdirik egokiena» da, NAIZ Irratian, “Haria” saioan, esan duenez.

Nabarmendu du funtsezkoa zela urrats hau egitea eta abagune egokia izan daitekeela nazio bat garela erakusteko eta ofizialtasunaren aldeko borroka indartzeko, bulegoetan ere pausoak eman behar direla sinetsita: «Bi partida daude; bata, aldarrikapenarena eta, bestea, zelaian jokatuko dena. Gure asmoa biak irabaztea da, jakinda zaila izango dela».

Lau urte igaro dira gizonezkoek jokatu zuten azken partidatik. Bazen garaia berriro berdegunera itzultzeko, ezta?

Bai, sasoia zen. Pauso hau beharrezkoa zen, gero beste batzuk egon daitezen. Ea larunbatean egun handia bizitzen dugun zaleekin batera. Aldarrikatu nahi dugu bizirik gaudela, hedatu mundu osoan zehar; aurkariak ere laguntzen du eta ea balio duen aurrerapausoak ematen jarraitzeko.

Festa polita aurreikusi behar dugu San Mamesen?

Euskal Selekzioaren partidak beti izan dira festa bat. Garai batean Gabonetako egun berezi bat izaten zen; orain FIFA datak direla eta ez direla, ez da erraza datak koadratzea. Orain egokitu da, salmenta ere ondo doa. Aurkariak ere laguntzen du, gu ere ilusio bereziarekin gaude, eta ea egun handi bat izaten den.

Noiz jaso zenuen hautatzaile izateko deia?

Duela denbora bat dei batzuk egon ziren. Egon ginen hitz egiten agian posible izan zitekeela. Niri beti eragin dit ilusioa kargu honek, eta ea bideratu ahal zen Osasunan daukaten karguarekin. Data bat egon zenean partida baterako, Osasunari baimena eskatu eta dena aurrera joan zen. Oso pozik. Nik umetan bizi izan dudan gauza bat izan da. Sinesten dut honetan eta nahi dut nik ere nire ekarpena egin.

Maila profesionalean zein pertsonalean zer suposatzen du zuretzat?

Maila profesionalean, ez dakit. Partida bat da momentuz; ea partida gehiago etortzen diren. Uruguairen aurka jokatzea, San Mamesen, horrelako deialdi bat egitea, talde ezberdinetako jendearekin, profesionalki aurrerapauso bat da. Pertsonalki, sentimenduak ere sartzen dira. Atzo [herenegun], esan nuen ilusio bat zela, ez zela ametsa; amets bat izango litzateke, ofiziala bilakatuz gero. Barruan dauzkagun gauza horiek ematen diote zentzua egiten dugunari eta emozionatzen nauen gauza bat da; arlo pertsonalean asko suposatzen du honek.

Gabonetako hitzordu horretan kale egiten ez zuenetako bat zinen. Tokitan geratu da une hori eta a ze berezia zen...

Bai, oraindik oroitzapenak hor ditut. Nola Berriatutik autobus bat edo bi joaten ginen, aurpegia pintatuta, bufandekin... Urteko egunik politenetakoa izaten zen. Barruan daukagun ume hori hor agertzen da berriro (barrez), eta orain, hainbeste urte eta gero, aulkian egotea, oso polita da.

Magia berezia zuen egunak, kirolzale ez zirenek ere oso gertuko sentitzen zuten.

Gogoratzen dut Berriatutik joaten ginela futbola gogoko genuen asko, baina baita futbola gustatzen ez zitzaien asko ere. Jai giroan, aldarrikatzeko egun bat zen; ez zen soilik partida bat, egun osoko festa giroa zen. Futboletik harago doan zerbait da.

Aurrera begira ez daukazue inolako berririk, ezta?

Ez, baina denok gara kontziente aurrerantzean horrelako gehiago egoteko pauso hau beharrezkoa zela. Federazioa hor dabil lanean eta badakigu partida bat baino gehiago jokatzen direla; partida bat da Uruguairen aurka jokatuko duguna, berdegunean, baina beste bat da aldarrikapena eta etorkizunerako oinarri batzuk ezartzea. Hau bihurtu dadila ahal bada urtero jokatzen den hitzordu bat, edo urtean behin baino gehiagotan. Bulegoetan urratsak eman behar dira; partida hau beste esparru batzuetan ere jokatzen da.

Espainiako selekzioak jokatzen du, Athleticek Kopako finala du bi aste barru, Korrika Gipuzkoa aldean izango da, emakumezkoetan euskal derbia dago Anoetan... Akaso, ez da egunik aproposena.

Pena bat da. Baina egia da Federazioak selekzio pila batekin egin duela berba eta ez dela erraza horrelako partida bat lotzea. Azkenean, Uruguai daukazunean eta baietza ematen dizunean... data horretan posible zen eta aurrera egin du Federazioak, jakinda Korrikaren azken egunetan egongo garela eta Espainiako selekzioak ere jokatzen duela. Baina partida bat antolatu nahi baduzu, FIFA datetan izan behar da eta badakizu Espainiak beti edukiko duela partidaren bat. Gero, gainera, suertatu da Athleticek Kopako finala duela ere... Denon laguntzaz, kluben laguntzaz, jokalarien laguntzaz deialdia osatu dugu eta orain nahi duguna da lehiakorrak izan larunbatean eta aurre egin Uruguai bezalako selekzio bati.

Deialdia aipatuta, izen handi asko falta dira aipaturiko arrazoiengatik. Dagoena dago eta horrekin egin behar.

Bai. Egia da beste baldintza batzuetan beste jokalari batzuk etorriko liratekeela. Hemendik, nire esker ona adierazi hona datozen jokalariei; ilusio askorekin datoz. Beste batzuk ere nahi izan dute etorri, baina euren klubek ez diete utzi. Badakigu klub bakoitzaren egoera zein den eta hori onartu egin behar dugu data hauetan. Hori dena kontuan hartuta, ahal zen deialdirik egokiena egin dugu.

Deialdia egiteko orduan, Espainiako selekzioak zer egiten duen kontuan hartzera behartuta zaude. Zenbateraino baldintzatu zaitu horrek?

Hasteko, gu momentuz ez gara selekzio ofizial bat. Badakigu jokalariak Espainiarekin joango direla eta, kasu honetan, pila bat joan dira; bai lehenengo taldera, bai eta 21 urtez azpiko selekziora ere, eta horrek gure aukerak murriztu ditu. Ikusi genuenean ostiralean euren deialdia, nahi genuen zain egon, asteburuan euskal talde eta euskal jokalarien partidetan adi egoteko; jokalariren batek min hartuta amaitu zuen eta horregatik eman genuen deialdia atzo.

Berri ona da Euskal Selekzioa bueltan izatea; kritika batzuk izan dira, hala ere, batez ere Federazioari lotuta, lau urte hauetan ez delako mugimendurik egon, elkarlanerako keinurik ez delako egon eta 2018ko batzarreko aginduak ere ez direlako bete. Ulertzen duzu kritika?

Bai, argi eta garbi. Kritika ona da aurrerapausoak emateko. Une honetan, horrela pentsatzen duen jende asko egongo da eta ulertzekoa da. Baina uste dut ez dela atzera begiratzeko unea, baizik eta aurrera begiratu behar dugula. Urrats bat eman dugu eta orain barruan gaudenok ere gure ekarpena egin behar dugu, eta ea denok batera lortzen dugun orain arte posible izan ez dena posible egitea hemendik aurrera.

Jokoan sartuta, Uruguai aurkari, selekzio handia, Bielsa hautatzaile eta, tartean, izen handiko jokalariak: Valverde, Araujo, Manuel Ugarte... Ez da erronka makala.

Bai, selekzio handi bat. Brasil eta Argentinari irabaztetik dator, momentu oso onean daude eta buru-belarri daude Kopa Amerika prestatzen. Aste osoa daramate Zubietan, entrenamenduak egiten, eta aurkari oso gogorra izango da. Jokalari oso onak daude, Europako talde onenetan jokatzen daudenak, entrenatzaile bikain bat ere bai. Erronka handia da eta horrek ere egiten du erakargarri larunbateko partida.

Marcelo Bielsa izango duzu aldamenean, Euskal Herrian aski ezaguna, are gehiago San Mamesen.

Ez dut bera ezagutzeko aukerarik izan orain arte, baina bai berarekin egon diren jokalari asko. Bere zigilua utzi zuen hemen eta Athleticen oso maitatua da. Entrenatzaileontzako beti izan da erreferente bat, jeniotzat hartu izan dugu eta, zentzu horretan, bere aurka jokatzea eta berarekin egoteko aukera edukitzea garrantzitsua da niretzat.

Zein aldarterekin sumatzen dituzu euskal jokalariak?

Jokalariei ilusio asko egiten die; partida berezi bat da. Futbolari guztiek jokatu nahi duten partida bat da. San Mamesen, Uruguaiko selekzioaren aurka jokatzeak zentzua ematen dio euren ogibideari. Eurek futbolari izan nahi dute horrelako egunak bizitzeko eta irrikaz daude larunbateko partida iristeko.

Deialdian berritasun batzuk badaude; Alvaro Djalo, esaterako, datorren denboraldian Athleticen arituko dena. Garrantzi berezia eman nahi izan diozue Estatu espainoletik kanpoko jokalariei dei egiteko hautu horri, kanpoan ere ezagun izan gaitezen.

Bai, pixka bat guztiagatik. Azken deialdietan Athletic eta Realeko jokalariak pilatzen ziren. Gaur egun, zorionez, Alaves eta Osasuna Lehen Mailan daude eta jokalari euskaldunak daude. Pena bat da Bigarren Mailako taldeetako jokalariak ezin ekartzea; jokalari onak daude, baina liga jardunaldia daukate. Eta, bestalde, futbola globalizatua dago eta hor zehar jokalari euskaldun asko dabiltza, eta nahi genuen keinu hori egin eta jokalari horiek ekarri, maila daukatelako eta deialdi horretan erakusteko euskaldunak mundu osoan zehar dabiltzala.