GARA Euskal Herriko egunkaria

Lumaz, kolorez eta karraka hotsez jantzitako kilometroa


Astrabuduko lehen kilometroan Trabuduk hartu zuen lekukoa, 2026an mende erdia beteko duen dantza taldeak. Eta puntu koloretsua jarri zion lainotuta hasi zen egunari.

Ikurra eraman zuen Eider Velasco oso pozik mintzatu zitzaion GARAri. Korrika Astrabudutik igarotzeak bertan egiten duten lanarekiko errekonozimendu modukoa dela uste du: «Gurea herri txikia da eta hemendik pasatzea gauzak ondo egiten ari garen seinale da».

Lumadun jantziak soinean, bederatzi “txori” handik eta txiki batek egin zuten lasterka furgonetaren atzetik Trabuduren izenean. 2018an inauterietarako sortutako “Dantzxori Gure Aratusteak” emanaldiko jantziak dira eta Txorierriko txoriak irudikatzen dituzte. Zarata ere gogotik egin zuten, ikuskizuneko karrakak kementsu astinduta.

Jantzia nahikoa ez, eta patinak janztea erabaki du Diego Etxebarriak. Hitzordu franko zituen atzo: «Kilometro asko egin behar ditut eta toki guztietara heldu eta arinago ibiltzeko behar ditut».