Jose Ignazio ANSORENA
KOLABORAZIOA

’Baserritarrak gera gu’

”Baserritarrak gera gu,/ ezin gentzake ukatu”.

Jatorriz halakoxeak ginen, gure aitona-amonak, haienak edo azken horienak izango ziren baserritar. Egun, baina, ez diegu estimu handirik erakusten. Kaletarrok nagusitu gara, kopuruan, eta jendartean normaltasun eredua finkatzen ere bai. Askorentzat horixe da pertsonaren arketipo ideala: kalekumea. Landa eremukoak, belar, abere eta eltxoen artean bizi direnak, maila baxuagokoak iruditzen zaizkigu. Donostian ere nahiago ditugu nonbait porlanezko eraikinak zuhaitzak eta landareak dituzten inguruak baino. Basque Culinary Centerren Groseko txikizioa adibide.

Zein dotore, eder, azkar eta sexyak garen kalekumeak. Eta zein baldar, astakilo eta zakar iruditzen zaizkigun mendian gora dabiltzanak. Kalera traktoreekin jaitsi behar izan dute badirenik ere kontura gintezen. Eta horretan nafarrak estilo berezian ibili dira. Batzuek, Trumpen jarraitzaile txikiek, Legebiltzarraren eraso eskasari ekin diote: buila, bultza… eta UPNren moduko garrasiak. Atzetik, zuhurrek, barkamena eskatu dute eta Asiron alkateari agertu diote sanferminetako suziria bota nahi dutela. Ez dute argitu etxafuegoa norantz zuzendu nahi duten. Nik proposamen batzuk egingo nizkieke.

Kaletarrok parabolako seme galduaren antzekoak gara. Zegokigun ondarearen aberastasun guztiak harrapatu ditugu, era lotsagarrian xahutu eta… oraindik ez gara konturatu ere egin nolako desmasia antolatu dugun. Ez dakit aita errukitsurik izango dugun zain. Baserritarren artean, nekez.

Gaztetan, Filosofia eskoletan Thomas Hobbesen esaldia ikasarazi ziguten: «Gizonaren egoera naturala denak elkarren aurkako gerran aritzea da». Emakumearena, ez zen aipatzen. Bestela esanda, gerrak ez omen dira hasten, hasita daude guztiak. Itxurazko barealdiak izaten dituzte, baina beti gurera itzultzen gara. Orain horixe ematen du, Naturarekin eta Naturarekin harremana dutenekin gerran gaudela. Bulego dotore eta txukunetatik antolatutako gerra. Ez da soilik Putintxok jarri duen festa edo Netanyahu miserableak praktikatzen duen sakailaketa. Ehundaka gerra daude munduan sakabanatuta. Harrituta dabiltza batzuk Putintxok hauteskundeetara deitu eta irabazi dituelako Errusian. Neuk ere deituko nituzke, berak bezain ondo jakingo banu irabaziko nituzkeela. Meritu handiagoa izan du Pere Aragonesek, horrek ez baitu garbi etorkizuna. Moskutik datorren artista da Puttin. Ez zaio nahikoa aurkari guztiak akabatzea. Nahi du denok konturatzea berak hilarazten dituela, ez baitago botere handiagorik besteen bizitzaz erabaki ahal izatea baino. Horregatik agertzen zaio irribarre murritza horretaz hitz egiten duenean.

Botereari eusteagatik edozer egiteko prest daudenen kopurua handia da. Gure gertuko politikan eta ekonomian ere ikusten dugu aginte apurrik ez galtzearren gezurrari eta hark dakarrenari ez zaiola muzin egiten. Garbi dago: jendarte antolaketa hau gezurtero txorizoak gero eta gehiago aberasteko eginda dago. Langile egiazaleak gero eta morroiago izan daitezen. Arazoa muturreraino iristen denean, gobernuek neurritxo epelak hartzen dituzte, bene-benetan beste batzuk agintzen dietelako.

Gerra hauetan herritar arruntok zerbait egin al dezakegu? Ezetz esango dute batzuek, eta beste batzuek gurutzadetarako deia egingo. Ez, baina. Gerra baketsua eman behar zaie. Hauteskundeetan botoa eman, manifestazioak gizendu, auzo elkarteak hornitu, ahulen aldeko mugimenduak bultzatu… Aznarrek dioenez: «Ahal duenak egin beza».

Noiz hasten dira gerrak? Denak hasita daude dagoeneko. Non? Bihotzetan hasten dira. Eta noiz amaitzen dira? Inoiz ez. Ez izan dudarik.