Nerea LAUZIRIKA
ZORNOTZA

Beste hamalau gudari eta milizianoren gorpuzkiak aurkitu ditu Aranzadik Zornotzako hilerriko hobian

Lourdes Herrasti antropologoa, Zornotzako hilerriko hobian lanean.
Lourdes Herrasti antropologoa, Zornotzako hilerriko hobian lanean. (Oskar MATXIN | FOKU)

Egun eta erdian hamalau gudari eta milizianoren gorpuzkiak aurkitu dituzte Zornotzako hilerriko hobian Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek. Astelehenean berrekin zioten indusketari, abenduko lehen fasearen ostean. Lourdes Herrasti Aranzadiko antropologoak azaldu zuen orduan zedarritutako hobi berean ari direla lanean, baina beheragoko geruzetan. Atzo aztergai zuten mailaren azpian beste bat dagoela adierazi zuen eta, beraz, gorpuzki gehiago aurkituko dituztela datozen egunetan.

Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendariaren bisita izan zuten atzo, baita Zornotzako alkate Ainhoa Salterainena ere. Astelehenean, Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidea izan zen indusketa lanak bertatik bertara ezagutzen. Ezenarrok azpimarratu zuen Zornotzako hilerrian aurkitutakoa Euskal Herriko hobi handiena dela; hots, aldi berean egindako hobiratze kopuru handiena duena. Urduñan gorpuzki gehiago aurkitu zituzten, baina, Herrastik azaldu zuenez, banaka lurperatutakoak ziren, Zornotzakoak ez bezala.

Ezenarrok gogoratu zuen frontean hil ziren 4.500 miliziano eta gudari daudela lokalizatu gabe. Halaber, dei egin zien desagertutakoen familiei identifikaziora eraman dezakeen prozesua has dezaten, Gogora@euskadi.eus helbide elektronikoan edo 944 032 845 telefono zenbakian.