A.G.
SURNE BILBAO BASKET

Beste urtetebetez ACB Ligan aritzeko zigilua

22 puntu sartu zituen Hornsbyk.
22 puntu sartu zituen Hornsbyk. (C. CASTRO | ACB PHOTO)

Abenduan Valentzian irabazi zuenetik hona, Miribillatik kanpo ACB Ligako partidarik irabazteke zebilen Surne Bilbao Basket. Baina atzo Lugon merezita eten zuen etxetik kanpoko bolada txar hori, eta denboraldiko hamabigarren garaipena erdietsi zuen. Ez da erabat matematikoa, baina esan genezake beltzezko gizonek datorren denboraldian ere ACB Ligan aritzeko zigilua eskuratu zutela.

Meritu itzela dauka bilbotarren atzoko garaipenak, bere azken asteetako izarrak, Sacha Killeya-Jonesek, ez baitzuen jokatu ezker oineko orkatilako kanpoko lotailuan bihurritua duelako. Alabaina, Bilbao Basketen defentsa azken orduko gabezia horri aurre egiteko gai izan zen. Hlinason ez da Killeya-Jones bezain bizia bere mugimenduetan, baina aurkariei enbarazu dezente egin zien. Horrez gain, Hornsbyk eta Kullamaek maila bikaina erakutsi zuten.

Orotara, 22 puntu sartu zituen Hornsbyk, eta beste 13 Kullamaek. Estatubatuarra oso fin aritu da hirukoetan, 7tik 4; baina biak ala biak oso fin aritu ziren jaurtiketa libreen marratik: 14tik 14 bien artean, eta orotara, berriz, 25etik 23 sartu zituen Bilbao Basketek.

«DOLUA» ETA GERO

Asteazkeneko porrotaren «dolua» pasatu eta gero, Jaume Ponsarnauk eskatutakoa ondo bete zuten beltzezko gizonek. Ondorioz, entrenatzaileak aginduriko jokaldi eta sistemak konfiantzaz jokatu zituzten, sartu edo ez.

Baina partidak luze joan ohi dira Breoganen aurka. Juan Fernández Breoganeko argentinarrak bigarren laurdenean zazpi puntu erreskadan sartu zituen Bilbao Basketen ihesaldia saihesteko. Atsedenaldira markagailua 32-37 zela iritsi ziren.

Bigarren erdian Kullamae eta Hlinason pertsonalekin arazoetan sartu ziren, baina horrek ez zuen bilbotarren defentsa ahuldu, eta erasoan, Hornsbyren hirukoak ez ezik, espero ez zen laguntza iritsi zen. Rabasedaren bi hiruko, Pantzar eta Renfroeren zenbait saskiratze eta baita Kullamaeren odol hotza ere, jaurtiketa libreen marratik. Ondorioz, garaipena eta elitean segitzeko zigilua lortu zituen Bilbao Basketek.