J.O.
LEKEITIO

Joanes Bakaikoak osatuko du Buruz Buruko txapelketa

Jon Mariezkurrenaren eskuin eskuak bestelakorik ez dioen bitartean, Joanes Bakaikoak osatuko du ostiralean Donostiako Atano III.ean hasiko den aurtengo Buruz Buruko txapelketako parte-hartzea, atzo Lekeition Mikel Urrutikoetxeari 22-17 irabazita.

2015eko txapelduna eta iazko Promozio mailako garailea parez pare jarri zituen Baikok, gaur bere seikotea osatzeko, eta, azkenerako, gaztea nagusitu zen partida gogor eta ondo jokatutakoan. Zaratamokoa oldarkor eta eraginkor hasi bazen ere, azkenerako nafarrak berari komeni zitzaion partida erritmoa jarri ahal izan zuen eta garaipen garrantzitsua eskuratu zuen, asteazkenean Busturiko zozketan egotea ahalbidetuko diona.

Arazo fisikoak medio, Bakaikoaren sasoiaren erreferentzia handirik ez dugu izan aspaldion, baina etxarriarrak bere ohiko dohainei eusten diela berretsi zuen, eta partida gogortuz eta luzatuz, Mikel Urrutikoetxea ausart bati irabaztea lortu zuen, azkenerako partida luze egin zitzaion-eta.