Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Lekuko!

Pasio astea oraingoa, han-hor eliza barruko aldareko irudiak kalera ateratzekoa, prozesioan, zabaleko airea hartzeko. Nork bere gurutzea, askotan maldan gorako bidean beste baten bizkarrean badoa ere. Eta kalbarioa, egun hauetan ofiziala dena! Eta lapurrak ere, energiaren tenpluan berdea zuritzen. Ama, ama! Iltze gutxiegi gurutzeko egurraren eskura, hainbeste jauntxorentzat! Aberri Eguneko prozesioetan sikiera bestelako ibilera da nagusi, doinuan eta soinuan, berbaroa eta oihuak txandaka, estatu soziala buruan estatuak aldarean betiko utzita… kalean ibili, bai, zerikusirik ez plazan jesarrita egiten ohi den prozesioarekin.

Total, lasaitu ederra hartuko zuen gaur aste bete Korrikaren lekukoak!! Pentsatzea ere zenbat doktorego-tesi burutu litezkeen euskaraz horretan pilatutako hatz-markekin! Gauza gutxi izango dira planetan hainbeste eskuk maitatua. Irulegiko eskuaren marka ere baietz hor! Azken batean, Big Bang haren momentuan hasi ginen euskararen alde egiten, euskara baita gure gorputzaren parterik erabiliena, bizkarrarekin batera, jakina, zamak zama. Kontuak atera, Nafarroako eskuma bera siglak euskaratzeko beharrean edo omen dago. Amen! Herri ezin ipini, Batasuna dudan... Horra ideia: Union del Pueblo Navarro - Navarrako Puebloaren Unioa UPN/NPU. Eta kitto! Ez dute ba caucus bat egingo 2026an Korrikaren lekukoa Errege Bardean zeinek eramango duen erabakitzeko!

Tira, harira! Aurtengo lekukoak hartutako lasaitua etxeko postontziek utzitakoa izan daiteke, hasiak baitira hauteskunde propaganda hartzen, ase arte hartu ere. Gizajoak! Kolpea gero, ez nuen kanpotik uste nireak hain barru handia izango zuenik! Baina bai, kalbarioa nirea ere, paper-karga postontzi berdetik zakarrontzi urdinera eroaten, paper bat etxe barrura sartuta… lekuko!