GARA Euskal Herriko egunkaria

Durangotik Gazara eta Ukrainara begira, bonbardaketaren urtemugan

1937ko martxoaren 31n 336 pertsonaren heriotza eragin zuen Durangoko bonbardaketak, eta galduak oroitu dituzte aireko eraso haren 87. urteurrenean. Ekitaldia, baina, berezia izan da aurtengoan: Palestinako eta Ukrainako biktimek ere parte hartu dute.

1937ko bonbardaketaren biktimen omenezko ekitaldiaren irudia. (Endika PORTILLO | FOKU)

Durangoko Udalak antolatutako ekitaldi batekin, 1937ko martxoaren 31ko bonbardaketan hil zituzten 336 pertsonak omendu eta gogora ekarri zituzten atzo Bizkaiko udalerri honetan, aireko erasoa egin zutenetik 87 urte bete zirenean. Eraso hartatik bizirik atera ziren pertsona batzuk parte hartu zuten ekitaldian, baita Gazako eta Ukrainako biktimek ere.

Erakundeetako hainbat ordezkari ere Durangon izan ziren, hala nola, Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria, Nerea Melgosa Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikako sailburua eta Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatea.

Lau urteko etenaldiaren ondotik, Udalak ekitaldi instituzionala egin zuen atzo. Hasteko, lore-eskaintza egin zuten hilerrian, bonbardaketan zendutako pertsonen omenez, eta haien memoriaren gordailu sinboliko modura, Santa Maria elizako arkupeetan su txiki bat piztu zuten.

Bestelako egitasmoak ere antolatu ziren italiarrek eta espainiarrek egindako bonbardaketaren urteurrenaren harira, kasurako, aire erasoari buruzko film laburrak estreinatu ziren, eta hitzaldiak, bisita gidatuak eta erakusketak eskaini zituzten.

1937ko martxoaren 31n, Italiako hegazkinek, Francisco Franco diktadore espainiarrarekin hitzartuta, Durango bonbardatu zuten. 336 pertsona hil ziren aireko eraso basati horretan; horietako gehienak elizara bidean ziren goizeko lehenengo orduan.

IRAGANAZ IKASTEKO BEHARRA

Mireia Elkoroiribe Durango alkateak hitza hartu zuen urteurreneko ekitaldi instituzionalearen baitan, eta 1937ko martxoaren 31ko bonbardaketan izandako biktimak oroitu eta omentzeak duen garrantzia azpimarratu zuen. Batez ere, bere esanetan, eraso hau «ahanzturan egon delako urte askoz, beldurrak, lotsak eta interesek isilduta».

Elkoroiribek ohartarazi zuen, halaber, oraindik ez direla barneratu arbasoek pairatutako minak eta sufrimenduak, leziorik ez dela ikasi, eta, gaur egun, «akats berberak» errepikatzen ari direla munduko zenbait tokitan, Gazako genozidioak eta Ukrainaren kontrako gerrak erakusten duten moduan.

Bateko zein besteko biktimek, 1937. urteko Durangoko bonbardaketan bizirik irautea lortu zuten zenbait pertsonarekin batera, atzoko ekitaldian parte hartu zuten.