Mikel ARAMENDI
Kazetaria
JOPUNTUA

Amets lizunak

Hamar egunek ematen duten perspektiba apurrarekin, Moskuko Crocus City Hall gunearen aurkako sarraskiak hainbat berritasun erakusten ditu, mundu-parte honetan behintzat enpatia ideologiaren (edo lerrokatze politikoa esatea ez ote da zuzenagoa?) mende jarrita noraino daukagun agerian jartzeaz harago. Hori ez baita horren berria.

Berritasuna da, ezbairik gabe, hilketaren egiletza esleitzeko orduan inguruan ikusi dugun hori. Nik behintzat inoiz ikusi gabekoa dut horrelako batean, egilea ez nozitzailea litzatekeen hirugarren bat agertzea kategorikoki ebatziz noren juzgu egin behar den. Amerikako Estatu Batuek Jainkoaren papera gero eta gustukoagoa dutela ohartuta nengoen aspaldi, baina bozeramaile ofizial batek halako zerbait “Period” hitzarekin kitatu izanak esplikazioren bat behar du. Niri bururatzen zaizkidan guztiak txarrak dira.

Berritasuna da, hein batean, halaber, ustezko egile zuzenak jendaurrean egurtuta agerrarazteko Moskuko aginteak hartu duen erabakia. Hein batean dela berritasuna diot, Intxaurrondotik, La Salvetik eta abarretatik gertu, gertuegi, bizi izan naizelako. Eta Unai Romano eta beste askoren argazkiak ez ezik, zuzeneko irudi asko ditudalako gogoan. Baina halakoetan ezkutatu egin nahi izan da beti, eta Moskun hala nahita ikusarazi dute.

Deliberatuki erabakitakoa izan dela ez baitut zalantza izpirik. Are gehiago, atxiloketak eta, bide batez, atxiloen aurretiazko itxura ia zuzenean ikusi genituenean. Baina, gainera, nahita aurpegian egurtu dituztela agerikoa delako (torturatzaile orok nahiago izaten dituen beste gorputz-atal batzuen «normaltasuna» nabari samarra baita), galdetu beharko diogu -geure buruari, ezinbestez- horren zergatia. Eta niri bururatzen zaizkidan erantzun bakanak txarrak dira.

Batere berria ez da, haatik, horrelako sarraskiek batzuen amets lizunak sustatzeko duten gaitasuna: «Errusiaren ondoren, Txina izango ote da Estatu Islamikoaren hurrengo jopuntua?» galdetzen du batek “The Japan Times”-en. Eta ez pentsa biktima ohartarazteko denik.