GARA Euskal Herriko egunkaria

Elkartasun keinu distiratsua, Auzitegiaren aitzinean

Parisko Auzitegiaren aitzinean, bi euskal bakegilerekin, elkartasunez. (Iker LAGRENADE)

Jean-Noel, Txetx, Etxeberri eta Beatrice Molle-Haranen aurkako auzia hasi baino lehen, elkartasuna jaso zuten 2018az geroztik Auzitegi Korrekzionalaren egoitza den Parisko Justizia Jauregian.

Prozesu judizial hori anakronikoa dela agerian jartzeko asmoz, 12.30ean bildu ziren. Etxeberrik eta Molle-Haranek gogoan izan zituzten Michel Bergouignan, Michel Berhokoirigoin eta Michel Tubiana.

Luhusoko armagabetze ekimena gertatu zenetik zazpi urte pasatxo direnean, antolaturiko auziak «inolako zentzurik ez duela» adierazi zuten. Bi auzipetuak inguratuz, bildu ziren ordezkarien artean auzian arituko diren lekukoak egon ziren. Oroitzearren, sei herritarrek hitza hartuko dute, defentsak horrela eskatuta, aurreikuspenen arabera bi arratsaldez luzatuko den entzunaldian.

Lekukoak soilik ez, auzipetuen alde azaldu ziren haien sostenguz Bake Bideak eta Bakegileek plazaraturiko adierazpenaren sinatzaileetako lagin esanguratsua.

Gobernu frantsesaren garai ezberdinetan ardurak izan dituzten ordezkariak ez ziren falta, Cecile Duflot Etxebizitza ministro ohia eta egungo Oxfam erakundeko lehendakaria dena, kasu, ez eta borroka ekologista, justizia soziala edo bake konponbidea sustatzeko engaiamendua hartu duten mugimendu, elkarte eta sindikatuetako ordezkari ezagunak ere.

ORDEZKARITZA ANITZA

Ordezkari politikoen aldetik aniztasuna nabarmendu zen. Hala nola Parisen parlamentari den Max Brisson (Errepublikanoak); Denisse Sant-pee eta Vincent Bru, biak MoDemeko kideak. Frederique Espagnac eta Iñaki Echaniz legebiltzarkide sozialistak ere bertaratu ziren.

Ezker frantseseko familia ezberdinetako kideak (Clementine Autain, Nupes koalizioaren Parisko diputatua), ekologistak (Jerome Gleizes, Estatuko hiriburuko zinegotzia), eta baita herrialde ezberdinetako ordezkariak ere, hala nola korsikarrak eta bretoiak. Euskal alderdien ordezkariak ere batu ziren, auzi politikoak elkarrizketaren bidez eta ez auzitegietan bideratu behar direla adierazteko.

EUSKAL HERRIKO ORDEZKARIAK ERE BERTAN

Europako Parlamenturako hauteskundeetarako hautagaia den Pernando Barrena buru zuen ordezkaritza zabala bidali zuen EH Bilduk. Xabi Larralde bertaratu zen EH Bairen izenean. EAJ ordezkatuz, berriz, Peio Etxeleku Ipar Euskadiko Buru Batzarreko (IBB) lehendakaria.

‘‘Le Monde’’ egunkarian, apirilaren 1ean, iritzi zutabea argitara eman zuten intelektualen taldea ere ordezkatua izan zen.

Honako pertsonalitate hauek auzia zentzugabekeriatzat jotzen duen adierazpenaren sinatzaileak dira: Edgar Morin filosofoa, Henri Leclerc abokatua eta Giza Eskubideen Ligako (LDH) ohorezko lehendakaria, Marie Darrieussecq idazlea, Nazioarteko Moneta Funtsa eta Frantziako Bankuaren buru izan zen Michel Camdessus, Florence Delay idazlea eta aurretiaz ere aipaturiko Oxfam erakundeko zuzendari nagusia den Cecile Duflot.