GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Arrakastaren digestio zailarekin hasiko du Aspek Buruz Burukoa

Jose Javier Zabaletak onartu zuen azken egunetan Peio Etxeberriarekin gertatutakoek eragin egin diotela, eta Iñaxio Errandoneak aitortu zuen «hartzeko zaila, baina hartu beharreko erabakia» izan zela ultzamarra txapelketatik at uztea.

Jokin Altuna, gaixorik, izan zen atzoko argazkian falta izan zen pilotari bakarra. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ilusio iturri behar zuena erabat zapuztuta, halaxe ekingo dio Jose Javier Zabaletak ostiralean Donostian hasiko den Buruz Burukoari, azken orduan enpresak bera sartzeko Peio Etxeberria txapelketatik at utzi ondoren. Errusiar mendi erraldoi batean eman dituzte azken egunak Aspeko bi pilotariek, eta, Nafarroa Arenan igandean zerua ukitu ostean, infernutik gertu daude oraintxe, lehiaketatik at utzi duten ultzamarra bereziki, baina baita igandean Jakaren aurka bere lekuan arituko den atzelari etxarrendarra ere. Galderarik onartu gabe, eta erdara hutsean, Zabaletak ondokoa adierazi zuen Busturiko Madariaga Dorrean izandako aurkezpenean: «Azken orduetan gertatutakoarengatik erasanda nago, binakako txapelketako nire kidearekin gertatu denarengatik. Esan nahi dudana zera da: enpresak duela aste batzuk galdetu zidan ea jokatu nahi nuen eta, pentsatu ondoren, baiezkoa eman nuen. Hortik aurrera bikotekidearekin Binakakoan zentratuta egon naiz, eta jarraian enpresak jokatzeko aukera eman dit eta nik jokatu egingo dut, jokatu nahi zuten enpresako gainerako pilotariek bezala».

Nolabait ere, Aspek arrakasta behar bezala kudeatzeko zailtasunak izan dituela esan genezake, berez onak behar luketen hiru faktore -lau zerrendaburuak eurenak izatea, Zabalaren azken hilabeteetako loratzea eta Binakako finalean bi bikote sartu izana- etxekalte izan zaizkielako eta erabat oskarbia behar zuen ortzimugan laino ilunen bat edo beste agertu delako.

Gaiaz galdetu zitzaionean, Iñaxio Errandoneak, Eibarko enpresako zuzendari komertzialak ez zuen ur handitan sartu nahi izan. «Erabakia hartzea oso zaila izan da. Denek parte hartu nahi dute. Egia da, hasiera batean, Peio sartu genuela, baina azken uneko erabakia Zabaletaren aldekoa izan da. Ez dugu astirik izan aurre-kanporaketarik egiteko, gure bi pilotariak Binakako finalean zeudelako. Guretzat erabaki gogorra da, baina horretarako gaude».

«Enpresa barruko kontuak ez dira kontatzen. Erabaki zaila da. Maila handia dago eta, dakizuenez, enpresa bakoitzak pilotari kopuru bat du, eta aukeratzea tokatzen da. Egiten genuena egiten genuela, erabakiak polemika sortuko zukeen», gaineratu zuen. Kontua da, Elordik, Altunak, Dariok eta Ezkurdiak haien tokia iaztik kantxan ziurtatuta, beste bi postu baino ez zituztela Eibarkoek eta kudeaketan, batez ere komunikazioan, ez dutela asmatu.

ZABALA, AURPEGI BERRIA

Giro nahasi honek zerbait ilundu zuen atzoko aurkezpena, non Javier Zabala errioxarrarena izan zen aurtengo txapelketako aurpegi berria, iazko txapelketan izan ez ziren Zabaleta, Artola eta Bakaikoa -iazko promozio mailako txapelduna- aurretik ere jokatutakoak baitira, izenez behintzat, urteko txapelketarik garrantzitsuenean.

Busturiko Madariaga dorrean egindako ekitaldian egoterik izan ez zuena Jokin Altuna izan zen, gaixorik etxean geratu behar izan baitzuen.

Azkenaldian horrenbeste ikusmin sortu duen errioxarrak, gainera, txapelketa irekitzeko ohorea izango du ostiralean Donostian, zozketak hala erabakita, Baikok azken orduan berreskuratu duen Mikel Urrutikoetxearen aurka.

Iazko lehiaketa sistema errepikatuta -final laurdenetako ligaxkarekin, baina pilotari bakoitzak ez du asteburuero jokatu beharrik izango, eta hiru partidetan gutxienez aste bateko atsedena hartu ahal izango dute-, zozketa nahiko bideratua izan zen; eta Baikok Laso eta Artola nolabait babestu dituen bitartean, lau zerrendaburuak bereak zituen Aspek gauza bera egin zuen Zabalarekin eta Zabaletarekin. Gainerako kanporaketak dira: Peña / Artola, Bakaikoa / Laso eta Jaka / Zabaleta.

Aurtengo txapelketak badakartza zenbait berrikuntza. Alde batetik, Binakakoan materialarekin izandako kexen ondoren, EPELeko enpresek erabaki dute txapelketarako piloten aurre aukeraketak lehiaketak hasi aurretik egitea. Eta hala, Martin Alustizak aukeratuak ditu dagoeneko Buruz Burukoa jokatzeko beharko diren 160 pilotak. Gainera, aukeraketa hauetan enpresetako bi intendenteek, Jon Apezetxeak eta Gorostizak ez dute esku hartzerik izan, eta pilotak eramatera mugatu ziren.

Bestalde, orain arte partidako hamar pilotako aurre-aukeraketa bat egiten bazen, orain zortzikoa izango da, eta pilotari bakoitzak bina aukeratu beharko ditu. Horretarako, txapelketa jokatuko den pilotaleku guztiak aurretik erabakita zeuden eta, esate baterako, Labriterako bost sorta aukeratu behar izan zituen hautatzaileak, ligaxkako bost partidetarako eta bi finalerdietako baterako.

Ekainaren 2an Bilbon jokatuko den finalerako pilotak ere, dagoeneko Martin Alustizaren zaintzapean daude, susmoak ekiditearren.

Egutegiak behartuta, atzo bertan egin zituzten ostiraleko Donostiako eta igandeko Zumaiako material aukeraketa, eta Iruñekoak eta Tolosakoak gaur bertan egingo dituzte.

JANTZI BERRIAK

Berrikuntza ikusgarriago bat ere izango da, pilotariek kirol arropa berriak estreinatuko dituzte eta. Urtetan Astore etxekoak jantzi eta gero, Oria Sport Wear izango da hornitzaile berria.



Lehiaketa sistema bera B-Seriean

Busturiko Ekoetxean izandako ekitaldian aurkeztu zen halaber lehen mailakoari paralelo joango den B-Serieko Buruz Burukoa. Iaz ez bezala -2023an pilotariak zuzenean final laurdenetako ligaxkan sartu zituzten-, aurten bi txapelketek lehiaketa sistema bera erabiliko dute, eta alde bakarra finalerako sailkatzen diren bi pilotariek partida hori prestatzeko denboran egongo da; lehen mailakoek bi aste izango dituzten bitartean, B-Seriekoek bakarra izango dute.

Hemen ere enpresa bakoitzak seina pilotari aurkeztuko ditu, eta Salaberria, Agirre, Egiguren V.a eta Larrazabal izango dira final laurdenetan itxarongo duten zerrendaburuak, iazko emaitzei erreparatuta. Lehen mailan ariko den Bakaikoa iazko txapeldunaren lekua hartuko du amurrioarrak.

Zozketa bidez erabakita, hauexek dira jokatuko diren kanporaketak: Eskiroz / Exposito, Zubizarreta III .a / Alberdi II.a, Mata / Aldabe eta Eskuza / Senar. Lehen bietako irabazleak A multzora joango dira Egiguren eta Salaberriarekin, eta beste biak, B-ra, Larrazabal eta Agirrerekin. J.O.