GARA Euskal Herriko egunkaria

Etxeberri eta Molle-Haranen absoluzioaren eske: «Ekimen eza konpentsatu zuten»

Etxeberri eta Molle-Haran babesteko Iruñean egindako elkarretaratzea. (Iñigo URIZ | FOKU)

‘‘Bake artisauak aske. Konponbide osoa orain!’’ lemapean, elkarretaratzeak egin zituzten atzo Euskal Herriko hiriburuetan. Haietan, Parisen epaituak izan diren Txetx Etxeberriri eta Beatrice Molle-Harani elkartasuna adierazi zieten zenbait sindikatu eta eragilek.

«Pertsona horiek, indarkeriarik gabeko konpromisoagatik aintzatetsitako aktibistak, hildako beste batzuekin batera, ETAren armagabetze seguru eta ordenatua ahalbidetzeko Parisen eta Madrilen ekimenik eza konpentsatzera etorri ziren», zioen ohar batek.

Gogorarazi zuten «ETAren armategitik zetozen armak eta lehergailuak neutralizatzen» saiatzeagatik atxilotu zituztela 2016ko abenduan, eta ohartarazi zuten ekintza «euskal gizartearen gehiengoak eta joera politiko ia guztien ordezkariek babestu eta txalotu» zutela.

Ekimen hori ETAk ekintza armatua utzi eta bost urtera izan zen. «Bi estatuek, aldiz, errepresioarekin, presoen sakabanaketarekin eta salbuespen politikekin jarraitu zuten», gogora ekarri zuten. Horregatik «immobilismo arriskutsu» hori geratzeko xedea zutela berretsi zuten.

2017ko apirilaren 8ko armagabetze egunaren ostean, azpimarratu zuten, «Gobernu frantsesaren eta bakearen artisauen artean euskal presoen gaiari buruzko lan gune ofizial bat sortu zen lehen aldiz», eta «horrek espetxeratze baldintzetan aurrerapausoak ematea ahalbidetu zuen». ETAk disoluzioa iragarri zuen 2018ko maiatzaren 3an.

«Oraindik lan handia dago egiteko bake osoa eta iraunkorra lortzeko, mendeku gogorik gabekoa alegia. Horrek ekarriko du biktimak behar bezala aitortzea, memoria eta egia betebeharra betetzea eta oraindik kartzelan edo erbestean dauden pertsonen egoerari heltzea. Azken gai horri dagokionez, euskal presoei oraindik ere aplikatzen zaien salbuespenezko espetxe politika gainditu behar dela aldarrikatzen dugu, eta eskubideen errespetuan kokaturiko etxeratze prozesu bat eraiki behar dela diogu», gehitu zuten.

Ekimenak «bost urteko immobilismoaren amaiera markatu zuen», insistitu zuten, «aukera berriak» zabalduz. «Horregatik, Beatrice Molle-Haran eta Txetx Etxeberri absolbitzea eskatzen dugu. Absoluzio hori Euskal Herriko gatazka armatuaren ondorioei heltzeko determinazioa eta gure historian kapitulu berri bat irekitzeko borondatearen zantzu argia izango litzateke».