04 ABR. 2024 LGTBI kolektiboaren aurkako legea babestu du Ugandako Konstituzionalak LGTBI kolektiboko lagunen aldeko ekintzen irudi bat, Ugandan. (AFP) GARA KAMPALA Ugandako Auzitegi Konstituzionalak LGTBI kolektiboaren aurkako legearen parterik handiena onartu du. 2023an ezarri zen lege horrek heriotza zigorra ere planteatzen du «larriagotutako homosexualitate» kasuentzat. Termino horrek zentzu bat baino gehiago izan dezake eta adin txikikoekin edota aniztasun funtzionala duten pertsonekin izandako harremanak hartzen ditu barnean, baita mehatxupean edo konorterik gabe daudenekin izandakoak ere. Helegite ugari jaso ondotik, epaileek Ugandako Konstituzioa berezia dela argudiatu dute, auzitegiek herrialdeko «arau soziokultural, balio eta nahiak» aintzat hartu behar dituztela defendatzeko. «Homosexualitatearen kontrako legea Ugandako jendarteko errealitate soziokulturalen isla da eta herritarrek demokratikoki aukeratu zituzten ordezkarien gehiengo garbi batek onartu zuen», adierazi zuen Konstituzionalak, Gobernuak zabaldutako agiri batean. Hala ere, epaileen ustez jendartearen interesen eta «norberaren autonomiaren» arteko «oreka hauskorra» zaindu behar da. Horregatik, legearen lau puntu deuseztatu dituzte. Esaterako, «xede homosexualetarako» instalazioak uztea kriminalizatzen duena. Ugandako presidenteak, Yoweri Musevenik, eskatu zuen legea joan den maiatzean. Agintariek ez zutela inor bere sexu orientazioagatik jazarriko ziurtatu zuen arren, giza eskubideen defendatzaileek eta nazioarteko gobernu askok LGTBI kolektiboarentzat atzerapauso handitzat jo eta legea gaitzetsi zuten.