Iraitz MATEO

Peryferyka, ametsak norberak ekoitzi behar dituelako

Dei baten zain itxarotea bezain egoera eramangaitz gutxi izango dira; horregatik, norbere ametsak norberak bete behar dituen adibide garbia da Peryferyka ekoiztetxea. Castingen emaitzen zain egoteaz aspertuta sortu zuten Nagore Osak, Zihara Etxeberriak, Ariana eta Dani Nespereirak ekoiztetxe hau.

«Larramendi» film laburreko irudi bat, Martzelo eta Bixenta ageri direla.
«Larramendi» film laburreko irudi bat, Martzelo eta Bixenta ageri direla. (PERYFERYKA)

Castingetan hartzen ez gaituztenez, ba, agian guk mugitu beharko dugu zerbait egiteko. Une honetan pantaila handira jauzi egiteko guretzat aukerarik ez badago, geuk sortuko dugu gure film laburra», horixe esan zien Etxeberriak lagunei, eta horrela sortu zen Peryferyka, 15 eta 16 urte besterik ez zituztela. “Erbestean”, “Post mortem”, “El color del engaño” eta “Larramendi” dira plazaratu dituzten lanak, eta ekoiztetxearen YouTube kanalean ikusgai daude.

Etxeberriak, Osak eta Ariana Nespereirak Arrasateko Doke Antzerki Eskolan elkar ezagutu zuten. Arianaren anaia da Dani eta, ikus-entzunezkoen mundua gustuko zuela-eta, taldea osatu eta lanean hasi ziren. Bulkadetatik abiatzen dira peryferykatarren proiektuak.

Lanak erraz banatzen dituzte beraien artean, eta proiektutik proiektura antzezleak trukatzen aritzen dira. «Nahiko autodidaktak gara, ez dugu aparteko formaziorik ikus-entzunezkoen mundu honetan» aitortu du Etxeberriak. Beraz, ideia etortzen zaie, izan daiteke gidoia bera, giroa, edo non grabatu nahi duten, eta ondoren hasten dira guztiari forma ematen.

Egitea aldarrikatzen dute, eta bidean ikastea, orain arteko lau film laburretan egin bezala: «Eginez pila bat ikasten da. Laburmetrai batetik bestera igarri dugu hobekuntza handia gure lanean. Eta batez ere elkarlanean ari zarenean ikasten duzu. Besteengandik asko ikasi dut nik. Gauzak egin ahala ikasi ditugu».

LARRAMENDI

Martxo amaieran aurkeztu zuten beraien azken lana, “Larramendi”, Arrasateko Amaia antzokian, eta «oso harro» daude. «Euskarazko film labur bat da. Tradizionaltasuna uztartzen du kutsu garaikide batekin», adierazi du Peryferykako kideak, azken lanaz galdetuta. Bi istorio paralelo kontatzen dituzte. Batetik, Bixenta Larramendi eta bere biloba Lur Larramendiren elkarrizketa, non desagertu zen gizon baten inguruan hitz egiten dion amonak, bere osaba Martzeloz. Eta, bestetik, Martzelo eta Bixentaren istorioa.

Etxeberriak dio filmaren misterio kutsuak asko lagundu diela ikuslea adi mantentzen: «Nahiz eta elkarrizketa bat izan, laburmetraiaren gai nagusia, elkarrizketa hori dinamikoa eta entretenigarria izatea nahi genuen. Azken batean, gaur egun kontsumitzen dugun edukia nahiko azkarra da». Erantzun ona jasotzen ari dira eta pozik daude gazteak. Datorren udarako beste bi grabaketa aurreikusi dituzte. Peryferykan ez dituzte ideiak falta, eta bidea urratzeko prest daude.