GARA Euskal Herriko egunkaria

Boterea lortzeko agenda ezkuturik gabe


Iragarri baino lehen hasi zen hauteskunde kanpaina ostegun gauean abiatu zen, edo alderantziz. Ezustekorik gabe. Ikusiko dugu telebistan hautagaien arteko eztabaidaren maila baina, entzundakoak entzunda, batzuek ganora handiagoa erakutsi beharko dute.

Tristea eta amorragarria baita argudioaren ordez deskalifikazioa entzutea, edo sasiargudioa, besteak dioenaren ordez, esan ez duenaren baina omen dioenaren aurka argudiatuz, egia erdiak edo besterik gabe gezurrak esanez, jendeak oroimenik ez balu bezala eta batzuek oroimen ahula dutela baliatuta.

Zer da, bestela, «ezkutuko agendaren» kontu hori? «Gipuzkoan bezala», diote, atez ateko bilketa gogora ekarrita. Eta ez da egia, Gipuzkoako ahaldun nagusi ohi Martin Garitanok erantzun zuen bezala: «Egingo genuela esan genuen hura egin genuen, zureetako batzuei ez gustatu edo komeni arren». Halaxe izan zen, onerako eta txarrerako; ez da ikuspuntu edo iritzi kontua, eta hori ukatzea ez da egia esatea.

Baten batek edo askok pentsatuko dute EAJk eta PSEk esan beharko luketela, ezkutuko agenda saiheste aldera, PP baliatzeko prest dauden botereari eusteko. Baina ez, ez dute zertan esanik, iaz erantzun baitzioten galdera horri Gipuzkoan, Gasteizen, edo Durangon. Horregatik eragin zidan belarrian zaintiratua boterea lortzeko besteen «oldarraldiaren» ingurukoa entzuteak, nork eta boterean hamarkadak eman dituenak esana; normala denez, hurrengo lau urteetan boterean jarraitzeko helburua duenak, hain zuzen.

Iñaki Iriondok kanpaina hasierako analisian zioenez, Pello Otxandiano EH Bilduko hautagaiak eta haren taldeak kontuz eta trebetasunez kudeatu beharko dituzte beren espektatiba handiak. Izan ere, orain arte irakurri dugun inkesta mordoak seinalatzen duen joera sinesten badugu, hautesleen ehuneko handi batek oraindik bere botoa erabaki gabe duela ere sinetsi beharko eta, edonola ere, inkestak ez dira hauteskundeen emaitza.