GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Herdoila oroimen!


Hau irakurtzean iragana izango duzu, baina hau idaztean etorkizuna nuen. Zeinek kopa irabazi? Zutabe horizontal hau idazteko orduan adimen artifizialak ez zidan lagundu. Egia esan, ez nion laguntza eskatu ere egin, zaila egiten baitzait artifiziozko adimenean konfiantza izatea. Txip kontua baino ez da, eta nik neure burukoa daukat aholkulari, aparteko erdieroalerik behar ez duen buruko ideien sistema integratukoa. Total, non nengoen ni? A, bai, kopako finalean. Bada, horretaz, beharbada honezkero gabarra atontzen hasita egongo dira Ibaizabal itsasadarraren ezkerreko bazterrean...

Hola izatekotan lau hamarkadako herdoilak hartutakoa askatzen egongo dira, igurtzi eta hazka, burdina biziberritzen edo. Zenbat ontzi ez ote zuen herdoilak ikusiko ibaian gora eta behera! Zenbat estropada eskura! Zenbat diskurtso kanpainaz kanpaina entzungo! Zenbat kutsagai bidaide hartuko denboran zehar! Herdoila ezabatzean iraganaren oroimen zati bat ere ezabatzen da, ondare zati bat... Pena ematen dit...

Total, non nengoen ni? A, bai, kopako finalaren kontuan. Bada hori, lehoiak handik hona kopa eskuan bueltatuz gero, akabo itsasadarraren ohikoa! Hara zer izango den erreka! Kopa itzulian! Haxe bai ontzi-tropela! Trafikoko ertzainak hantxe, ur-motorretan batzuk, surfeko oholean besteak, ontzien joan-etorria ordenatu nahian, Katedraleko atezainak kobratzen saiatzen diren bitartean... Amen! Eta kontuz ibil daitezela zubi esekiaren azpitik pasatzean, ez dadin gerta uneko euforiagatik-edo kopa larregi altxa eta dzast, bertan behera botatzen dutela zubia. Eta kopa hona barik hara eroaten badute? E? E? Orduan zer? Bada orduan, gabarra ondoko herdoil hondarrak hartu, batu eta artelanen zaharberritzaileen laguntzaz gabarraren azalera bueltatu, denboran aurrera oroimena metatzen segi dezan.