Erramun ATXA

Bilboko kolore berezia ez zen sevillakoa, baina ia-ia

Sevillako giroa izugarria bazen ere, Bilbokoa ere ez zen motz geratu atzo. Zaila zen Athleticen kamiseta ez zeraman norbait topatzea Alde Zaharrean, Pozas kalean edo San Mameseko sarreretan. Eguraldiak ere lagundu zuen Cartujan geundela pentsatzen. 40 urte igaro ostean, ulergarria zen Bizkaiko hiriburua suntsitu zuen euforia kolektiboa.

Zaila zen atzo Bilbon “Wally” topatzera jolastea, zuri-gorri kolorea nagusi izan zen kaleetan barrena.
Zaila zen atzo Bilbon “Wally” topatzera jolastea, zuri-gorri kolorea nagusi izan zen kaleetan barrena. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Inork ez luke esango atzoko finala Bilbotik 700 kilometrora jokatu zela. Bizkaiko hiriburua goiz-goizetik altxatu zen zuri-gorriz jantzita. Ez litzateke gehiegikeria izango Alde Zaharrean hamar pertsonatik zortzik Athleticen kamiseta zeramatela esatea, “Non dago Wally?” liburuari buelta emango bagenio bezala eta helburua athleticzale ez zena topatzea balitz bezala. Beste bietatik, batak aprobetxatzen zuen kaleko saltzaileei bufanda edo kamiseta bat erosteko, aurreko ostegunean Kale Nagusian saltzaile ibiltari talde batek pairatutako jazarpen polizialaren ostean; bestea, lekuz kanpo zegoen turista zen.

Izan ere, bitxia izan zen Donejakue katedralaren aurrean bizitako pasadizoa. Han, turista batek ingelesez galdetu zion bilbotar bati partida ote zegoen. Harrituta geratu zen besteak baietz erantzun zionean, baina Sevillan, penintsulako beste muturrean.

Katedraletik Katedralera, San Mameseko sarrerak zalez beteta zeuden arratsaldeko lehen ordutik, nahiko deigarria kontuan hartzen badugu partida 22.00etan hastekoa zela. Zalantzarik gabe, eguraldi ederrak lagundu zuen jendeak egun osoa etxetik kanpo pasatzen. Bilbo ez zen Sevilla, baina ia-ia. Arratsaldean, 30 gradu zeuden Bilboko erdigunean, eta eguzkipean inork ez zuen uste Sevillan lehoiek jarraian galdu ahal zuten zazpigarren finala zenik.

IRIBAR, PITXITXI, GUERRERO ETA WILLIAMS

Poza Lizentziatuaren kaleak hitzordu handien itxura zeukan. Jendea ez ezik, txakurrek ere Athleticen kamiseta eta lepoko zapia zeramaten, jai giroari jaramon handirik egin gabe ere. Era guztietako kamisetak ikus zitezkeen: Castore, Umbro edo Kappa, Guerrerorenetatik Williams anaienetara. Dozenaka zalek San Mameserako bidean dagoen Jose Angel Iribarren estatuan argazkiak ateratzen zituzten bitartean, zelaiaren kanpoaldeko pantailetan taldearen historiako hainbat atal gogorarazten ziren, hala nola Pitxitxiren heriotza 1929an Sarreretan zeuden gazteei oso urrun geratzen zitzaizkien garai hartako garaipenak, baita azken Koparena ere. Dena den, atzo horrek ez zeukan garrantzi handirik, berriro ere pantailetan esaten zenez, Athletic «unique in the world» baita.

Garagardo eta kalimotxo artean egun osoa igaro zutenetatik asko inoiz Athletic Kopa bat irabazten ikusi gabeak ziren. 40 urte oso luzeak dira; hain zuzen, guraso eta seme-alaba askok elkarrekin ikusi zuten finala, Athleticek kopa altxatuko zuela amesten. Gogoan, Barçaren aurka galdutako lau finalak eta, bereziki, azkena, Realaren kontra pandemiako edizioan. Horrek beste balio bat ematen zion atzoko partidari eta azaltzen zuen zergatik zen hain garrantzitsua hainbeste bizkaitarrentzat.

Sevilla ez izan arren, Bizkaiko hiriburuak kolore berezia zeukan atzo.