08 ABR. 2024 GAURKOA Liburutegi mugikorrak, landa-eremuaren garapenerako tresna eraginkorrak Mikel ZABALETA ARAMENDIA EH Bilduko parlamentaria Nafarroako Gobernua premiatu genuen, joan den martxoaren 21ean, liburutegi mugikorren zerbitzua bultzatzen jarrai dezan, 2030a baino lehen landa-eremuetako herritar guztiek eskura izan dezaten funtsezko zerbitzu publiko hori. EH Bildu taldeak aurkeztutako ebazpenak aldeko 48 boto eta 2 abstentzio (Vox-eko bi ordezkariena) jaso zituen, Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuran. Liburutegi mugikorrena ez da gauza berritzailea, baina gaurkotasun eta garrantzi handiko gaia da. 1857an, “The British Workman” egunkariak dokumentatu zuen Cumbriako konderriko liburutegi mugikorrari buruzko lehen kasua, Ingalaterrako ipar-mendebaldean. George Moore filantropo eta merkatari ingelesak sortu zuen, «literatura ona herri barruan zabaltzeko», zaldi-gurdi bidez. Estatu espainolean trakzio mekaniko bidezko lehen liburutegi mugikorra, berriz, 1938an, Gerra Zibilean bertan sortu zen: «Fronteko Bibliobusa». Urte hartan, Kataluniako Generalitateak bibliobus bat antolatu zuen irakurketaren bidez gerra-frontean borrokatzen ziren soldaduei gogoa eta aldartea altxatzeko, eta borrokarik gabeko uneetan asperdura uxatzeko. Urte bat beranduago, 1939an, gerrarekin batera amaitu zen ahalegin handi hori. Aipatutako hauen modura, hamaika adibide aurki ditzakegu munduan zehar. Estatu Batuetako Depresio Handian, gosetea eta langabezia nagusi ziren garaian, zaldizko liburutegi ibiltariak bultzatu zituzten Kentuckyn, book women gisa ezagunak egin ziren emakume gazteek. Mongolian, 1990eko hamarkadaz geroztik, Dashdondog Jamba izeneko ipuin-idazleak haurrentzako liburuak eramaten ditu gameluan, Gobi basamortuan barrena. Komunismotik kapitalismora igaro ostean, irakurketa bultzatzeko programarik ez zela ikusirik, hutsune hura bete nahi izan zuen bere ahaleginarekin. Hondar ale bat, gabeziaz betetako desertuan. Ipuin-idazle eta liburuzainak dioen moduan, «liburutegi bitxi samarra dugu hemen: hormak basoz estalitako mendiez eginda daude, sabaia urdina da, zorua lorez estalitako estepa da eta irakurketarako lanpara eguzkia da». Nafarroa Garaiko landa-eremuko azken hamarkadetako esperientziara itzuliz, 1998ra jo behar dugu. Urte horretan Aurizberriko liburutegi mugikorra edo «Biblioneta» martxan jarri zen, “Berragu” izeneko proiektuaren barruan. Martin Saragueta liburuzaina Pirinioetan atez ate liburuak banatzen hasi zen eta proiektu xume hark erreleboa izan du. 25 urte baino gehiago bete ditu eta Estatu mailako Maria Moliner lehiaketa ospetsuan lehenengo saria ere irabazi zuen 2016an. 2020. urtean Lizarraldeko bibliobus proiektua garatzen hasi zen, kasu honetan Nafarroako Gobernuaren ekimenez. Ibilgailu bat erosi zuten, baina 2022 arte ezin izan zen zerbitzua abiatu. Egun, bibliobusak 51 herri zeharkatzen ditu eta potentzialki 8.500 herritarri eskaintzen die zerbitzua. Urte berean, halaber Leitzako liburutegian Liburutegi Ibiltaria proiektua sortu zuen Harkaitz Delgado liburuzainak, zerbitzua Aranoko, Goizuetako eta Aresoko herrietara eskainiz, bere ibilgailu pribatuaren bitartez. Hala, zerbitzua jendeari hurbiltzeko liburuzainek izan duten borondateari eta bokazioari esker, Nafarroa Garaiko landa-eremuan 85 herritara iristen dira liburutegi mugikorrak, eta guztira 12.600 biztanlek jasotzen dute. Garai eta paraje ezberdinetako adibideek argi erakusten dute. Liburutegi mugikorren zerbitzua tresna eraginkorra da oinarrizkoa den zerbitzu publiko hau herritarrengana hurbiltzeko, despopulazioaren aurka borrokatzeko, irakurzaletasuna sustatzeko, pertsonen sormena eta gaitasun kritikoa indartzeko, arrakala soziala murrizten laguntzeko eta lurraldearen kohesioa bultzatzeko. Ez da teoria hutsa, datuek azaleratzen dute praktika honen arrakasta: Nafarroa Garaiko liburutegi ibiltariek, guztira, 14.676 mailegu egin zituzten 2023an. Hau da, biztanleko 1,16 maileguko indizea du zerbitzuak, Hego Euskal Herriko indizearen paretsua, Nafarroa Garaikoarena baino %7 handiagoa, eta Estatu mailakoa baino %65,5 handiagoa da. Abiapuntua, ostera, oso ezberdina zuen eremu horrek. Izan ere, liburutegirik ez zegoen landa-eremuko herri horietan liburutegi mugikorrak iritsi aurreko indizea askoz ere txikiagoa zen. Orain aldiz, bizitokian bertan liburutegia duten hirigune gehienen mailegu kopurua gainditzen dute. Liburutegi mugikorrak ezartzen diren momentutik liburutegien erabilera esponentzialki handitzen da. Norabide horretan aurrera egiteko, 2024ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako akordioan ekarpena egin du EH Bilduk, funtsezkoa iruditzen baitzaigu zerbitzu hau indartzen eta zabaltzen jarraitzea. Horiei esker Nafarroako landa-eremuetan liburutegi mugikorrak sendotzea edota martxan jartzea ahalbidetuko da, ibilgailuak erosiz eta egokituz. Halaber, martxoaren 21ean onartutako ebazpenak konpromiso berri bat suposatzen du. Hau da, orain arte, zonalde jakin batzuetan, ekinbide puntual batzuk bultzatu edota laguntzeaz haratago, Nafarroa osoko landa-eremua kontuan hartzea esan nahi du, modu progresiboan eta arrazoizko epemuga zehatz batekin, oinarrizko zerbitzu arrakastatsu hau nafar guztien esku egon dadin. Konpromiso hau bete dadin jarraipena eginen diogu EH Bildutik, landa-eremuetako herriak bizirik iraungo badute, errepideak eta poligono industrialak baino askoz gehiago beharko baitugu. Los datos revelan el éxito de esta práctica: las bibliotecas itinerantes de la Alta Navarra realizaron un total de 14.676 préstamos en 2023