GARA
BILBO

Bilbobuseko langileek ardura eskatu dute, greba hastearekin bat

Bilbobuseko langile batzordeak gaurtik greba mugagabea egitea erabaki du, hitzarmen berriaren alde egiten ari diren mobilizazioen barruan. Udalari eta zerbitzua kudeatzen duen enpresari ardura eskatu zieten atzo egindako mobilizazioan.

Langileen manifestazio bat, artxiboko irudian.
Langileen manifestazio bat, artxiboko irudian. (EUROPA PRESS)

Bilbobuseko langileek greba mugagabea hasiko dute gaur, lan hitzarmen berria aldarrikatzeko azken hilabeteotan egiten ari diren mobilizazio dinamikaren baitan. Atzo 24 orduko lanuztea izan zuten langileek eta goizeko lehen orduan manifestazioa egin zuten San Inazio auzotik Plaza Biribileraino.

Langile batzordeko presidente Jose Fernandezek (UGT) Europa Pressi adierazi zionez, gaurtik greba mugagabea egingo dute, astegunetan, astelehenetik ostiralera, gatazka konpondu arte. Gaurko manifestaziora deitu dute; goizeko bederatzietan izango da, Galtzada Nagusiko 85. zenbakitik irtenda eta udaletxe aurrean amaituz.

Jose Fernandezek atzo esan zuenez, «errespetuz, zuhurtziaz eta kezkarekin» ekingo diote greba mugagabeari, baina baita haserre ere, euren esanetan, ez delako gatazka desblokeatzeko aurrerapausorik eman.

Azaldu zuenez, ez dute kontakturik izan ez Udalarekin ez zerbitzua kudeatzen duen enpresarekin. Biei dei egin diete dagokien arduraz joka dezaten, «zerbitzuaren arduradun eta ordaintzen ari zaion zerbitzuaren kontratuaren titular gisa», Bilbobusek eskaintzen duen zerbitzua «oinarrizkoa, publikoa eta hiritarrek ordaindutakoa delako».

Hilabeteetako negoziazioen ondoren, Bilbobuseko langileek 2023ko urrian hasi zituzten hitzarmenaren aldeko mobilizazioak. Salatu dutenez, ez Udalak ez enpresa arduradunak ez dute ezer egin gatazka konpontzeko. 2021az geroztik lan hitzarmena berritu gabe daukate.