GARA Euskal Herriko egunkaria

Arrazakeriaren aurka, 1.500 atal sindikal aktibatuko ditu ELAk

Arrazakeriaren eta diskriminazioaren kontra eginen du ELAk heldu den hilabeteetan. Horretarako, 1.500 sail sindikaletik gora martxan jarriko ditu bertze hainbat enpresatan, «Guztion prekaritatea borrokatu. Sindikalismo antirrazista baterantz» lemarekin.

Mitxel Lakuntza, Leire Gallego eta Miriam Ruiz, arrazismoaren aurkako kanpaina aurkezten. (ELA SINDIKATUA)

“Guztion prekaritatea borrokatu. Hacia un sindicalismo antirracista” (sindikalismo antirrazista baterantz) leloa du ELA sindikatuak datozen hilabeteetan garatuko duen kanpainak. 1.500 enpresa baino gehiagotako sail sindikalak martxan jarriko ditu prozesuan. Militanteak lan honetan aktibatzea da asmoa. Horretarako, txosten bat eta ekintzarako proposamen batzuk partekatuko dituzte.

Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak ekimenaren berri eman zuen atzo prentsaurrekoan. Ziurtatu zuen badirela enpresak «pertsona migratzaileak nahita kontratatzen dituztenak, lan baldintza prekarioagoak eskaini ahal izateko eta etekinen marjina handitzeko, kolektibo honek behar handiagoak dituela jakinda. Pertsona migratuak lan merkatu prekario eta ezkutuko horren parte dira, zeinetan, egoera irregularraz gain, batzuetan erdi esklabotza jasaten duten».

Arrazoi horiengatik «langile migratzaile horiek antolatzea ere bada sindikatuaren zeregina. Borroka sindikalak pertsona horien premia du, langile klasearen parte baitira. Haien bultzadarekin indartsuagoak gara klase bezala».

Leire Gallego ELAko Gizarte Ekintzako arduradunak erantsi zuenez, «pertsona migratzaileen eskubideen zapalkuntza etengabea da: etxebizitzarako sarbidea, gizarte laguntzak...».

Diskriminazio egoera horiek sindikatuak aurkeztutako txosten batean islatzen dira. Bertan jasotzen da, adibidez, behin-behineko enpleguen batez bestekoa %21ekoa bada, etorri berrien kasuan ehunekoa %26,4ra igotzen dela EAEn, eta %57raino Nafarroan. Irabazten duten soldata %45,3 txikiagoa da migratzaileak direnen aldean. 2021ean 12.625 euroko arrakala zegoen bien artean. Lanaldi partzialak dituzten migratzaileak %50 gehiago dira enplegatutako biztanleria orokorra baino.