GARA
BILBO

Posta bidez bozkatzeko aukera 18ra arte luzatu du Hauteskunde Batzordeak

EAEko Hauteskunde Batzordeak apirilaren 18ra arte luzatu du botoa posta bidez emateko epea, aurreikusitakoa baino egun bat gehiago. Atzo azaldu zuenez, erabakia Correosen eskaerari erantzunez hartu da. Hala, Estatu osoko bulegoetan eman ahal izango da botoa, ohiko ordutegian.

Modu horretan bozkatu nahi dutenek apirilaren 11ra arte eskatu ahal izango dute Hautesle Erroldan izena eman izanaren ziurtagiria, online edo aurrez aurre, Correoseko edozein bulegotan. Nortasun agiriaren, pasaportearen edo gidabaimenaren bidez egiaztatu beharko dute beren nortasuna. Online nahiz aurrez aurreko eskabidean adierazi beharko da zein helbidetan egongo den boto-emailea EAEko Hautesle Erroldaren Bulegoko lurralde ordezkaritzek bozkatzeko behar den dokumentazioa bidal dezaketen aldian, hau da, apirilaren 2tik aurrera.