GARA
BILBO

Aldundiko garbitzaileen soldata igotzeko akordioa lortu dute Bizkaian

Bizkaiko Foru Aldundiko azpikontratatutako garbitzaileen gatazkan, sei greba egunen ostean, soldata igoeren inguruko aurreakordioa lortu dute LAB, UGT eta ESK sindikatuek zerbitzu hori kudeatzen duen Optima enpresarekin.

«Lortutako soldata igoerak historikoak dira eta, langile askoren kasuan, indarraldiaren amaieran ia edo erabat parekatuta egongo dira», esan zuen LABek.

Xehetasunetan sartuta, sei urtean soldata igoera gutxienez %24,23koa izango da -«funtzionarioen igoera zein izango den jakin gabe»-. Igoera horri soldata erreferentziatzat duten beste plus batzuena gehituz gero, «igoera %50etik gorakoa ere izan daiteke». Sindikatuak nabarmendu du horrek «garrantzi handia» duela «sektore feminizatu eta partzializatu honetan». LABek, UGTk eta ESK sindikatuek sinatu dute.