GARA Euskal Herriko egunkaria

Pertsona asko eta askotarikoak bildu ziren Ardanza agurtzera

Jose Antonio Ardanza lehendakariaren hil-kapera Ajuriaenean ezarri zuten, eta politika, enpresa eta kultura munduko ordezkari ugari bertaratu ziren: politikarien artean, zendu berri den lehendakariaren garaiko asko; esaterako, Juan Maria Atutxa eta Ramon Jauregi.

Ardanzaren gorpua Ajuriaenera iristen; bertan zain ziren senideak eta Urkullu. (Endika PORTILLO | FOKU)

 

Jose Antonio Ardanza lehendakaria agurtzeko eguna izan zen atzokoa, Ajuriaeneko ekitaldi instituzional batekin goizean, eta Elorrioko hiletarekin arratsaldean. Politika, enpresa, gizarte eta kultura munduko ordezkari ugarik eman zioten azken agurra lehendakariari.

Hilkutxa 10.00ak baino lehentxeago iritsi zen Gasteizko Ajuriaenea jauregira. Bertan, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Ardanzaren familiak -Gloria Urtiaga alarguna, Nagore eta Aitor seme-alabak, besteak beste- izan ziren zain, galaz jantzitako ertzainez inguratuta. Azken hauek eraman zuten hilkutxa jauregiaren barrura, ikurrina batez estalita.

Horren ostean hasi ziren hil-kaperan sartzen Lakuako sailburuak eta sailburu ohiak, Legebiltzarreko Mahaiko kideak eta ordezkari politikoak; tartean, Carlos Garaikoetxea, eta Juan Jose Ibarretxe lehendakariak. Lehenengoak bere ondorengoa «aldarte oneko gizon» gisa deskribatu zuen eta Ibarretxek «lagun bat» agurtzen ari zela adierazi zuen. Patxi Lopez ez zen Ajuriaenera agertu, baina 19.00etan Elorrion, Ardanzaren jaioterrian, egin zen hileta-elizkizunean izan zen.

Goizean zehar, Jose Antonio Ardanzaren gobernuetako kide ugari azaldu zen hil-kaperara, hala nola Jon Azua eta Ramon Jauregui lehendakariordeak, Juan Maria Atutxa Barne sailburu ohia, Inaxio Oliveri Hezkuntza sailburu izan zena, Patxi Ormazabal Etxebizitzakoa, eta Mari Carmen Garmendia, Kulturako sailburu ohia.

Atutxak «figura instituzional» bat hil dela esan zuen, «pertsona handi bat eta lagun handi bat», zeinarekin zortzi urtez izan zen gobernuan. «Haren ahaleginek fruituak eman zituzten», nabarmendu zuen.

PSEko kidez lagunduta azaldu zen hil-kaperan Ramon Jauregi, eta honela definitu zuen: «Gizon giltzarria, bakearen, itunaren, autogobernuaren eta autonomismoaren gizona».

Jarduneko politikarien artean, Andoni Ortuzar EAJko presidentea iritsi zen lehenengo. Esan zuenez, «Ardanza gizon guztiz praktikoa zen eta honelako egoera batean honakoa esango zuen: gauza onekin gera zaitezte eta egin ezazue aurrera». Itxaso Atutxa BBBko presidentearekin batera iritsi zen.

Bereziki hunkituta agertu zen, halaber, Bingen Zupiria Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua, 1989 eta 1999. urteen artean Jose Antonio Ardanzaren komunikazio arduraduna izan zena.

Alderdiko zuzendaritzako kideak eta Imanol Pradales lehendakarigaia bertaratu ziren gero. EAJk kanpainako ekitaldiak bertan behera utzi zituen arren, Pradalesek agerraldi batean esan zuen Ardanzaren ekarpena «oparoa» izan zela. «Gaur erakunde sendoak baditugu, Ardanzak horren alde egin zuelako da. Guri dagokigu egonkortasuna zaintzea», adierazi zuen.

BESTE INDARRAK

Beste indar politiko batzuetako ordezkariak ere izan ziren hil-kaperan. Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaiak esan zuen bertan egon nahi zuela «herrialdearen zati honek lehendakaria galdu duen unean». Eneko Anduezak PSEren hautagaiak, berriz, «Euskadi hobea» eraikitzen jardun zuen «bake-gizon bat» omendu zuen. PPko Javier de Andresek nabarmendu zuen Ardanzak «zoru etikoaren oinarriak ezarri» zituela, eta Alba Garciak (Sumar) «asko» egin zuela «Euskadiren alde».