11 ABR. 2024 GAURKOA Polizia-ereduaz pare bat hitz Joxe IRIARTE, «Bikila» Alternatibako kidea Herriko poliziaren ongizate emozionalak eta hauen lanaren inguruan herritarrok dugun iritziak kezkatuta, Oiartzungo Udalak hauxe bera lantzeko prozesu herritarra abiatuko duela adierazi du. Poliziari buruz hitz egiten denean ezker iraultzailetik, sarritan hitzak errepikatzen dira. Hots, polizia-eredua herriaren zerbitzura jarriz honen zuriketa besterik ez dela etorriko, eta honela kontrol soziala ezkutatuko dela. Azken finean, beharrezkoa denean gure kontra egingo duen egitura errepresiboa dela poliziarena. Honelako hitzen azpian dabilen ideia beti bertsua izaten da: polizia bera dela arazoa, ez eredu bat edo beste izatea. Gauza gehiago esan badira ere, oraingoz gaiari dagozkion bizpahiru kontutan sartuko gara. Alde batetik, arrazoia dute (Pernandoren egiak bezala) diotenean poliziak (Estatua bera eta oro har bere instituzio nagusiek) statu quoa bideragarri mantentzea duela helburu, horren ondorioa izanik bake soziala lortzea. Alabaina, bake sozialaren inguruan interpretazio asko daude. Esate baterako, zapalkuntza soziala, nazionala zein matxismoa estaltzen duen sasibakeaz («erromatar bakea» deitu izan dena), legediaz eta jarduera polizialaz ari bagara, arrazoizkoa da uste izatea polizia eta instituzioen zeregina kaltegarria litzaigukeela. Baina ez dut uste polizia ereduaz ari garenean hori denik helburua. Aitzitik, zapalkuntza dagoen bitartean istiluak seguru izango direla, eta guk beti zapalduen alde egin behar dugu eta egitate hori estaltzearen aurka. Baina badaude zenbait gatazka eta istiluen desagerpenak onuragarriak zaizkigunak. Esate baterako, borroka armatuarekin amaitzea, bultzatzen zutenek hala nahi izan zutelako, denon onerako izan da. Ala ez? Izan badira zenbait istilu herriaren lasaitasuna, elkarbizitza -kontzeptu hau beti ez da gaitzesgarria denen onerako denean- kaltetu edo inarrosten dutenak, eta horri aurre egiteko behar dira nolabaiteko «ordenaren zaintzaileak»; adibidez, futbola aitzakia, talde batzuek jende arruntari erasotzen diotenean, edo jaietan genero erasoak gertatzen direnean; berdin, gaueko ordu txikietan istiluak sortuz jende arruntaren atsedena urratzen dutenean; edo lau sos kentzeko kale gorrian gaizkile batzuek aitona-amonei erasotzen dietenean, ez al dira behar hiritarren aldeko lege eta arau betearazleak? Dei diezaiogun polizia edo udaltzaina. Beti bezala, kontua da zer legez, zer nolako Estatu eta instituzioz ari garen, nahiz eta denak gizarte burgesaren parte izan. Edo berdin zaigu diktatura edo demokrazia liberala, polizia guztiz errepresiboa edo lege demokratikoen bitartez kontrola daitekeena? Dena ez da zuri edo beltz. Hor datza gakoa. Beste adibide bat; euskal estatu sozialistaren aldarrian dabiltzanei (aldarriekin ni ere ados nago) berdin zaie beren jarduera legala ala ilegala izatea? Toleratua, are onartua, edo zigortua? Eta noizbait delako estatu sozialista hori burutzen badugu, izango du poliziarik ala ez, eta izatekotan zein izango da bere izaera? Herritarren ongizatea zaintzeko ala zigortzeko? Sozialismo erreala zeritzan erregimenaren poliziak badu zerikusirik horrekin. Anarkisten eta sozialisten azken helburua berbera da (Leninen “Estatua eta iraultza” liburuarekin ados baldin bagaude), hau da, Estatua eta klase sozialak desagertzea. Baina erregimen hori komunista litzateke, ez sozialista, zeina trantsizio epeaz definitzen den. Horretan datza sozialisten eta anarkisten arteko desadostasun nagusia: anarkistek ez dutela estatua onartzen, ez kapitalista, ezta sozialista ere, eta, kontsekuenteki, inongo poliziarik ere ez. Eta beste mailako desadostasuna: sozialistek eta komunistek ez bezala -irakurri Leninen “Ezkerkeriaren haur-gaixotasuna komunismoan”-, anarkistek ez dute onartzen demokrazia liberalen instituzioetan jardutea; alegia, honen barruan (kalearekin batera) herritarrentzat eta langileriarentzat ahalik eta lege eta erabaki hoberenak lortzea. Izan parlamentuetan edo udaletxeetan. Gauzak garbi. Kapitalismoaren barruan gauzatzen diren aurrerapen progresista guztiek bi aurpegi dituzte. Alde batetik, aurre egiten diete errepresioari eta esplotazioari, eta, aldi berean, lortzen diren abantailak direla medio, baretu egiten dute egoera, eta, hein handi batean, kapitalisten onerako da hori. Horrekin zer esan nahi dugu, grebaren ondoren soldata hobeak lortzea ez dela onuragarria, nahiz eta horren ondoren borroka eten aldi baterako? Eta, gaira itzuliz, hau esanda, nahiz eta jakin polizia zer den, berdin zaigula nolakoa den? Polizia edo armada ez da inoiz demokratikoa izango (armak erabiltzen eta estruktura bertikala duten instituzioak ezin dira demokratikoak izan); alabaina, bai kontrolatua eta arautua modu demokratikoz. Ez da gauza bera «mozal legea»-ren baitan aritzea, edo beste lege baten pean. Ez da gauza bera armarik gabeko udaltzaingoa, edo armatua inposatzea denon kalterako, Jaurlaritzak nahi duen bezala. Edo zeregin ez jazarlea izango duen udaltzaingoaren aldeko izatea. Ez da gauza bera eskuin muturreko sindikatu korporatiboen eraginpean ari den polizia edo beste mota bateko sindikatuen pean. Ez da berdina torturatzeko aukera guztiak dituen polizia edo jarduera hori debekatua duena. Azken adibidea: Thatcher anderearen aroaren aurretik bobbiek ez zuten armarik erabiltzen eta ia ezta borrarik ere. EAJk erreferente omen zuen eredu hori. Baina meatzariak jipoitzeko behar zuen polizia antolatu eta egokitu zuen neoliberalismo berriaren agintariak. Harrezkeroztik, Britainia Handiko polizia askoz errepresiboagoa da. Guardia Zibila, Polizia Nazionala eta Ertzaintzaren ferekak edo «maite-maite»-ak gozatu izan ditugunok (baita garai bateko Oreretako «munipenak» ere) ez diegu desio belaunaldi berriei trantze horretatik igaro daitezen. Horregatik, bai, beharrezkoa da polizia ereduaz hitz egitea, lege demokratikoez ahalik eta kontrolatua egon dadin, nahiz eta jakin poliziak beti arazoa izaten jarraituko duela; baina jakinik arazo guztiak ez direla berdinak. Eta hori ez litzateke gauza txarra estatu sozialistaren alde jarduten dutenentzat ere. Ala zenbat eta errepresio gehiago, hobeto? Ez da gauza berbera Polizia «mozal legea»-ren baitan aritzea, edo beste lege baten pean legea»-ren baitan aritzea, edo beste