Jon ORMAZABAL
PILOTA

Buruz Burukoarekin bakeak egiten hasteko dema, Katedralean

Ezkurdiak bere palmaresean falta zaion txapel bakarra nahi du; Artolak, aldiz, duela hiru urte lesio baten erruz jokatu ezin izan zuen finalera itzuli.

Peñaren aurka irudi ona eman zuen Artolak.
Peñaren aurka irudi ona eman zuen Artolak. (Jon URBE | FOKU)

Beti esan izan da Buruz Burukoa izaten dela txapelik preziatuena, dena eman eta dena ken dezakeen txapelketa. Igandean Eibarren lehiaketa honekin arantza bat sartuta duten bi pilotari elkarren aurka arituko dira: Joseba Ezkurdia eta Iñaki Artola, euren ibilbide dagoeneko luzean kantxa osoan buruz buruz elkarren aurka sekula jokatu gabeak diren bi aurrelari. Arbizuarrak bost txapel irabazi ditu dagoeneko, bi Binakakoan eta beste hiru Lau eta Erdian, baina trilogia itxi ezinik dabil, Buruz Burukoa falta. Duela bi urte finala jokatzera heldu zen, baina Unai Lasok eraman zuen gerriko gorria urtebetez janzteko ohorea. Alegiarrak, aldiz, bere palmaresa estreinatu gabe dauka lehen mailan, eta, 2021ean finalera sailkatzea lortu bazuen ere, zorigaitzeko lesio batek bere bizitzako partida jokatu ezinik utzi zuen.

«Egia da arantzatxo hori hor daukadala eta badela nire helburuetako bat arantza hori ateratzea, berriz ere finalen batera heltzea», aitortu zuen atzo Baikoko aurrelariak. Aspekoak ere onartu zuen jokoan dutena badela «ilusio berezia» egiten dion txapel bat, baina ez du itsutu nahi. «Txapela nahi duten pilotari asko daude, eta gauzak oso ondo egin behar dira. Polita izango litzateke, dudarik ez, baina ez dago obsesionatzerik. Ondo prestatu dut, gauzak ondo egin ditut eta lehiatzera noa».

Aspaldi luzean bere joko mailarik onena berreskuratu ezinik dabil sakandarra txapelketetan, baina Buruz Buruko hau nahi bezala prestatzeko modua izan du eta gogoz ekingo dio aurtengoari. «Grinaz, gogotsu eta txapelketa handi bat egiteko ilusioarekin nago. Ondo entrenatu dut, bai fisikoki eta baita frontoian ere. Iaz justu-justu heldu nintzen; denbora izan nuen, baina 20 edo 25 egun eman behar izan nituen geldirik lesio baten erruz, eta justu eta larri, kezka handiekin ekin nion txapelketari. Aurten ez dago aitzakiarik, eta ea baliatzen dugun».

Astelena ez da pilotaleku erosoa Artolarentzat: «Baina «niretzat erronka bat da, den partidarengatik, Josebaren aurka delako eta frontoiagatik ere bai. Aurrekoan Tolosan jokatu nuen eta uste dut frontoi osoan, buruz buru, oraindik bertan irabazi gabe nengoela. Madarikazio horrekin hautsi nuen, eta ea hausten dugun Eibarkoa ere».