Ramon SOLA
DONOSTIA
Entrevista
DENIS ITXASO
PSEren Gipuzkoako zerrendaburua

«Pradalesek independentista dela esatea ez da oztopoa izango»

Erakunde frankotatik pasatu ondoren, eta Gobernu espainoleko Ordezkaritza utzita, Gasteizko Legebiltzarrera salto egingo du Denis Itxasok (Donostia, 1975), eta batek daki Lakuako Gobernuko kide ere bilaka ote litekeen. Kanpaina bera eta bozetarako lehia nola ikusten dituen azaldu du NAIZ Irratian egindako elkarrizketan.

(Aritz LOIOLA | FOKU - PSE)

 

«Vota al que decide, erakakia zurea da» leloa aukeratu du PSEk. Zer nolako eskakizun eta behar jarriko dituzue mahai gainean horretarako?

Historikoki, eta azken lau urteetan oso modu berezian, bi gauza lehenetsi ditugu PSEren aldetik. Batetik, egonkortasuna. Eta, bestetik, ezkerreko influentzia. Une honetan EAEn ezkerreko espazio hau nahiko pilatuta dago; Alderdi Popularra izan ezik, ez dut uste inork bere burua eskuinekotzat ikusten duenik. Baina egia da, gero, ezkerreko politikak egiteko orduan PSE izan dela akordioak lortzeko ahalegina egin duena: etxebizitza arloan, mugikortasunean, garraiobideetan, lan politikan...

Inkesten arabera, lehia EAJren eta EH Bilduren artean egon daiteke. Ordezkari sozialista batzuek argiki esan dute ez dela EH Bildurekin akordiorik izango. Ezinbesteko akordioa EAJrekin izan beharko luke orduan?

Gure ibilbidea ezaguna da, eta ez dut uste inoiz PSEk honelako ustekabeko erabakirik hartu izan duenik. Une honetan denok gure programa eta eskaintza politikoa aurkezteko eskubide osoa dugu. Badirudi kanpaina inkesten bitartez egiten dela orain, baina gero ikusten dugu inkestek diotena ez dela betetzen. Hauteskunde orokorretan gertatu zen, EAEn PSE gailendu zenean. Egia da hauteskunde hauek ezberdinak direla, baina PSE irabaztera atera da.

Ardanza lehendakaria zendu dela-eta, orain gogora ekarri dugu denok desberdinen arteko akordioek bidea errazten dutela. Lan hau oraindik egiteko dago, honelako jarrerak behar dira, muturreko joerak eta erradikalismoak alde batera utzi eta egonkortasuna bultzatuz.

Imanol Pradalesek argi esan du bera independentista dela. Zuentzat oztopoa al da hori?

Bueno, gu ere errepublikanoak gara. Ez da oztopoa. Alderdi politiko bakoitzak bere izaera du, baina normalean, eta gero eta gehiago, denoi etortzen zaigu esparru pragmatikoetara jotzeko beharra. EH Bilduri ere gertatzen zaio. Zergatik? Gure jarraitzaileekin bakarrik ezin dugulako aurrera egin. Eta, horretarako, alderdi bakoitzak bere planteamendurik erradikalenak alde batera uzten ditu. Azken bolada honetan EAJk ez du independentziari begirako inolako estrategia konkreturik planteatu...

Izen propio batzuk bildu dituzue aste honetan Hendaia eta Irun arteko zubian: Maria Chivite, Alain Rousset... Mugaz gaindiko izaera izan duzue hizpide. Inplizituki identitate bat utzi duzue agerian?

Noski badela, guk ez dugu inoiz identitate hori ukatuko, are gutxiago Enekok [Anduezak] edo nik neuk. Baina identitateaz harago, mugaz gaindiko estrategiak aukera bezala hartzen ditugu. Zerbitzu publikoak eskaintzeko, adibidez. Donostia eta Baiona arteko trenbide azkar bat egiteko dago, esate baterako. Orain arte ez da posible izan, baina Astigarraga eta Irun artean egiten ari den hirugarren erreiaren bitartez ahalbidetuko da. Honek guztiak batzen gaitu. Nafarroan presidente sozialista dugu, Akitanian ere bai; eta, EAEn ere lehendakari sozialista bat izanez gero, ezkerreko lotura horiek errazagoak eta naturalagoak izango direla irudikatu nahi izan genuen Irungo zubian.

«Gora Guardia Zibila!» aldarrikatu zenuen ekitaldi batean, Gobernu ordezkari gisa. Euskara erabili izan duzu horrelakoetan. Erreakziorik jaso al duzu kasu horietan, kritikarik edo?

Alderantziz. Polizia Nazionalaren eta Guardia Zibilaren egun berezi horietan beti euskaraz eta gazteleraz hitz egin izan dut. Badakit agente gehienek ez dutela euskara menderatzen, baina batzuek bai. Edozein kasutan, bi hizkuntza ofizialak erabili nahi izan ditut beti ekitaldietan. Kritikak mundu abertzaletik etorri zaizkit gehiago, batzuetan erdi txantxetan eta batzuetan serioago. Burura etortzen zaidan gogoeta da: nonbait idatzia dago zeri buruz hitz egin daitekeen euskaraz eta zeri buruz ez? Euskara bultzatzeko eta defendatzeko, euskara baliatu behar dugu.

Diskurtso horren azken partean bada horrelako konbentzio bat, non «viva la Guardia Civil, viva España y viva el Rey» esaten den, eta hori ere euskaraz egin nahi izan nuen. Aitortuko dizut bi gauza gertatu zitzaizkidala. Delegaziora iritsi nintzenean, bertan prentsa arduradun bat zegoen aspaldi, eta berak esan zidan: «Da igual lo que digas, en ETB solo van a sacar ‘viva la Guardia Civil’», eta orduan pentsatu nuen: «Bale, ba, euskaraz esango dut behintzat». Bestea nahiko gauza komikoa da: argiarekin iluntzen ziren betaurrekoak erosiak nituen orduan eta konturatu gabe ilundu egin zitzaizkidan, eta horregatik itxura ez zen onena izan... Gako nagusira itzulita, honelako diskurtsoetan euskaraz eta erdaraz egiteak normala izan behar luke.

Ez al zaizue arriskutsua iruditzen, non eta Gipuzkoan, Gobernadore zibila izan den pertsona bat hautagai jartzea? Intxaurrondoko kuartela min iturria dela badakizue? Arazoa ez baita horrenbeste euskaraz esatea, esandakoa «gora Guardia Zibila» izatea baizik...

Gobernadore zibilaren aipamena intentzionalitate osoarekin egiten baduzu, irudi hori 1996. urtean bukatu zen. Edozein kasutan, zorionez 2024. urtean Euskadi egoera oso ezberdin batean dago, eta hautagaia izateko Gobernu espainolaren ordezkaria izan izanak ez duela inolako kalterik egingo iruditzen zait. Nik uste dudana da. Gobernu espainolak euskal alderdi guztien babesa du gaur egun, PPrena izan ezik, eta nik hori nabaritu izan dut nire lanean; aurrekoek baino errazago eduki dut.

Bigarrenik, indarkeria duela 12-13 urte bukatu zenetik Gobernu ordezkariaren lana asko aldatu da. Lehen bestelakoa zen: indar polizialak, borroka antiterrorista, manifestazioak... eta hiletak. Ez zuen askoz gehiagorako ematen. Orain, zorionez, Gobernu espainolak bultzatzen dituen zenbait neurri, arlo ekonomikoan edo autogobernuaren garapenean, dira ordezkariaren lana. Hau da nik egin nahi izan dudan lana.

Indarkeriaren aurkako sentsibilitatea erakutsi izan dut beti. Eta, indarkeriaren aurka esaten dudanean, ez naiz bakarrik ETAri buruz ari, GAL fenomenoari buruz ere ari naiz. Gobernuko ordezkaria izateko ez dut jarrera hori aldatu behar izan, ez dut aldatu. Terrorismoaren Biktimen Egunean antolatu ditugun ekitaldietan GALen biktimak ere kontuan hartu izan ditugu, biktima hauek hitz egin dute, aurrerapausoak eman ditugu. Esango nuke momentu honetan Gobernu espainoleko ordezkaria izan izanak ez diola pertsona bati zilegitasuna kentzen hautagaia izateko.

Osakidetza da kanpaina honetako gai nagusietako bat. Itxaron zerrenda luzeak, langileen behin-behinekotasun tasa altua... Nola konponduko da hau? Eta nola eragin duzue honetan Gobernu Kontseiluan?

Osakidetzaren arazo batzuk estrukturalak dira, ez gaurkoak, ez eta atzokoak ere. Pandemiaren aurretik ere bazetozen. Gizartea aldatu da. Egia da pandemiak zerbitzuak tentsionatu egin dituela, baina azterketa sakonagoa merezi dugu.

Langileei dagokienez, Rajoyren Gobernuaren garaian hartutako zenbait erabakiri buelta eman diogu, autonomia erkidegoak beren plantillak egonkortu ahal izateko. Hortik harago, Osakidetzaren plantillak handiagoa izan behar zuen, 2.000 pertsonatik gorako kontratazioa egin beharko zela jarri dugu mahai gainean. Eta badira espezialitate batzuk, Osasun Mentala adibidez, arreta handiagoa beharko luketenak.

Beharrak behar, euskal gizartea gizarte aberatsa da. Osasun mentala, bakardadea, suizidioak... gai horiei buruz gehiago hitz egin behar genuke kanpainan. Eta hauek Osakidetzaren estrategian gehiago barneratu ere bai.

Molde ezberdinetan 5.000 etxebizitza gehiago proposatu duzue parke publikorako. Prezioak jaisteko eragina izango luke?

Nahiko genuke. Merkatuaren inertzia oso gogorra da. Azpimarratu nahi dut azken urteotan Espainia mailan egin diren etxebizitza publiko guztien herena EAEn eraiki dela. Nahikoa da? Begi-bistan dago ezetz, ez dela nahikoa. Baina erritmoa ez da makala.

Beste neurri interesgarri batzuk jarri ditugu mahai gainean, 5.000 etxebizitza horiez gain; adibidez, 200 milioi euro bideratzea 1.500 etxebizitza pribatu erosi ahal izateko, merkatu pribatutik atera eta esku publikoetan jartzeko. Estrategia berri bat izango litzateke, Europa mailan garatzen ari dena. Golden Visa ere kendu egingo da, merkatua gehiago tentsionatu ez dadin.