Estatu espainolak Kosovoren sarreraren aurka bozkatuko du Europako Kontseiluan
Europako Kontseiluak asteartean bozkatuko du herrialde balkaniarraren sarrera. Estatu espainolak, ordea, Kosovo onartu gabe jarraitzen du, eta ezezkoa emango dio.
Europako Kontseiluko Parlamentarien Batzarrak asteartean bozkatuko du Kosovoren sarrera onartu edo ez. Kontsentsua ez da nahitaezkoa, eta berez herrialdeak ez du arazo gehiegi topatuko behar beste babes lortzeko, baina Estatu espainolak ez du bere obsesioak berriz agerian uzteko aukera galduko, eta aurka bozkatuko duela iragarri du.
Izan ere, herrialde balkanikoa estatu gisa onartzen ez duen hiriburu bakanetakoa da Madril. Gainera, ezezko honetan ezohiko adostasuna existitzen da, bestela aski polarizatuta dagoen politika espainolean. Bai PSOEk, bai PPk babestu dute 2008an aldebakarreko independentzia aldarrikatu zuen Kosovoren aurkako botoa.
«Ezetz bozkatuko dugu irizpide berdina mantentzen dugulako Kosovoren inguruan», esan zuen PSOEk, bere bost parlamentarien ezezkoa azaltzeko. Antzeko arrazoiak eman dituzte PPko hiru ordezkarik, Kosovo onartzeak aurrekari deserosoa ezarriko lukeelakoan.
Europako Kontseiluko Parlamentarien Batzarrean Pristinaren eskariak asteartean botoen bi heren lortuko balitu -horrela espero da-, Ministroen Batzordeak izango du azken hitza. Behin betiko erabakia Kontseiluak maiatz erdialdean Reykjaviken deituta duen bilkuran ezagutuko da.
46 HERRIALDE, 31 BOTO
Europako Kontseiluak 46 bazkide ditu, eta horietatik 13k ez dute oraindik Kosovo aintzatetsi. 33k, ordea, aspaldi egin zuten. Berez Pristinak ez luke arazorik izan behar dauzkan 31 botoak eskuratu eta erakunde kontinentalean sartzeko.
Europako Batasunean, Madrilez gain, lau dira Kosovo aitortu gabe jarraitzen dutenak: Grezia, Zipre, Eslovakia eta Errumania. Horiei, Europako Kontseiluan, beste zazpi batzen zaizkie: Armenia, Azerbaijan, Bosnia, Georgia, Moldavia, Ukraina eta Serbia bera, Kosovo sartuz gero, erakundea uzteko mehatxu egin duena. Hala ere, iaz, Greziak, Eslovakiak, Ukrainak, Moldaviak eta Bosniak ez zuten Pristinaren eskaria aintzat hartzearen aurka bozkatu.