17 ABR. 2024 KOLABORAZIOA Eta zuk? Zure lana musu truk egin nahi al duzu? Iñaki ZALDUA, Jon AZKUNE, Mireia IRAZOLA Prekarioen koordinadoraren izenean Zer esango luke artikulu honen irakurle orok bat-batean bere lanaren zati esanguratsu bat, lanean jarraitu eta egunen baten egonkortu ahal izateko, dohainik egin behar duela esango balitzaio? Ez dut uste Eva Ferreirak ere holakorik onartuko lukeenik berarentzat, ezta beragandik gertu egon daitekeen inorentzat ere. Ordea, Errektore andre eta bere taldeari esaten diogunean Euskal Herriko Unibertsitatean behin-behineko egoeran gauden irakasle eta ikertzaileak ez dugula gure lana boluntario bezala egin nahi, haserretu eta errealitatea ukatu egiten digute. Alegia, 2023ko ekainaz geroztik, behin-behineko egoeran zeuden unibertsitate irakasle askok 2000€-ren bueltako soldata izatetik 800€ baino gutxiagoko diru sarrerak izatera pasa ziren gauetik egunera. LOSUk ezarritako 80. Artikuluaren irakurketa hertsi bat egitea erabaki du EHUko Errektore Taldeak; ondorioz, unibertsitatean egonkortu ahal izateko ezinbestekoa den ikerketa ez zaie ikertzaileei aintzat hartzen. Aisialdian egin beharko! Aste honetan Lehendakaria hautatzeko kanpainan sartuta gaude bete-betean, eta Eusko Jaurlaritzak baditu eskumenak ere bere aldetik, behin-behineko langileen soldata hobetzeko. 41/2008ko martxoaren 4ko dekretuko taula ekonomikoan ordainsariak moldatuz, behin-behineko langileen soldatak duindu ditzakete era oso errazean. Aurrez aurreko saioetatik edo tutoretza orduetatik at, klase orduen prestaketa, zuzenketak eta hauek prestatzeko ezinbestekoak diren formakuntza, ikerketa eta kudeaketa administratiborako behar den denbora aintzat hartuz. Honengatik dei egiten diegu alderdi ezberdinetako hautagaiei auzi honen harira publikoki kokatu eta gure herriko unibertsitate publikoko langileen duintasuna bermatzeko apustua egitera. Prest gaude, nahi dutenean, beraiekin ere biltzeko. Era berean, urte luzez ibili dira errektoretza talde ezberdinak eta sindikatuak negoziazio mailan eta, behintzat, gaur egun arte eztabaida gunea irekita zuten. Eztabaida gune legitimoak behar den ganoraz berriro martxan ipintzearekin batera, Errektore Taldeari aipatutako artikuluaren inguruko zentzuzko irakurketa egiteko eskatzen diogu. Jakinda unibertsitatean ikerketa ezinbestekoa dela klaseen prestaketa eta etorkizuneko profesionalen formakuntzarako, beraien legealdia amaitu aurretik, hau ere aintzat hartu eta dagoeneko prekarioa den egitura are gehiago ez prekarizatzea eskatzen diegu. Bi lerroek konponbide erraza dute. Borondate politikoa behar da soilik. Zein da zuen eredua? Duintasuna ala doako lana sustatzen duen eredu prekarizatzailea? Dei egiten diegu alderdi ezberdinetako hautagaiei auzi honen harira publikoki kokatu eta gure herriko unibertsitate publikoko langileen duintasuna bermatzeko apustua egitera