Sute batek Kopenhageko Burtsa zaharraren eraikinaren zati bat eraitsi du
Kopenhageko Burtsaren eraikin historikoa, Danimarkako hiriburuan, sute handi batek hartu zuen atzo, eta lerro hauek idazterako bere kapitel ikonikoa eroria zen. Atzo gauean ez zegoen biktimen inguruko informaziorik.
Sugarren bazka izan zen 54 metroko gezia Cristian IV.a erregeak enkargatu zuen eta 1619 eta 1640 artean eraiki zuten. 1970eko hamarkadara arte erabili zen Burtsaren eraikina izateko funtzioz, eta gaur egun Danimarkako Merkataritza Ganberaren egoitza da. Eraikina danieraz Borsen bezala ezagutzen zen, eta herrialdeko erakarpen turistiko nagusietako bat zen.
BERRITZE LANAK TARTEKO
Kopenhagen dagoen eraikin zaharrenetako bat da atzo su hartu zuena. Bertan berritze lanak egiten zihardutela aditzera eman dute iturri ofizialek. Oraindik ez da argitu sutea zerk eragin zuen.
Poliziak X sare sozialean aipatu zuenez, hiriburuko erdigunearen zati bat hesitu behar izan zuten, sua itzaltzeko lanetan laguntzeko. Izan ere, Kopenhageko erdigunera jende andana hurbiltzen hasi zen sutearen berri izandakoan.
«Hedapen prozesuan gaude», ohar egin zuten Danimarkako larrialdi zerbitzuek “Jyllands-Posten” egunkarian, lan nagusiak «erreskatea eta itzaltzea» izango zirela esan aurretik.
ERAIKIN HISTORIKO BATEN MEMORIA ERRETA
Burtsaren kapitel historikoak, elkarri lotutako lau dragoiren isatsen forma duenak ere su hartu zuen goizeko 8.30ak inguruan, Slotsholmengo eraikina inguratu zuten sugarren ondorioz. Eraikinaren zati horrek eman du zeresanik handiena.
Jakob Engel-Schmidt Danimarkako Kultura ministroak «400 urteko Danimarkako ondarea sutan» dagoela deitoratu zuen, eta «sutan dagoen eraikinaren altxor artistikoak eta irudi ikonikoak salbatzeko» larrialdietako zerbitzuen eta herritarren elkarlana txalotu zuen.
Mette Frederiksen Danimarkako lehen ministroak «lazgarritzat» jo zuen atzo hirian sortutako sutea, eta «Danimarkaren historia zati bat» erre izana deitoratu zuen.
Troels Lund Poulsen Defentsa ministroak, bere aldetik, «gure Notre Dame unea» deitu zion gertakari tamalgarriari, Parisko katedral ospetsuaren 2019ko suteari erreferentzia eginez.