GARA
BILBO

Aldaketarako «borroka politiko, sozial eta sindikala», ELAren deia M1erako

ELA sindikatuak “Antolatu, borrokatu, irabazi” lelopean egingo du aurtengo Maiatzaren Lehena, aldaketa soziala «borroka politiko, sozial eta sindikalarekin bakarrik» lortuko dela aldarrikatzeko. Manifestazioak egingo dituzte Bilbon (11.30ean, Jesusen Bihotzetik) eta Iruñean (11.30ean, Gurutzeko plazatik).

Mitxel Lakuntza eta Ane Zelaia, Bilbon, ELAren Maiatzaren Lehenaren aurkezpenean.
Mitxel Lakuntza eta Ane Zelaia, Bilbon, ELAren Maiatzaren Lehenaren aurkezpenean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Maiatzaren Lehenerako egun batzuk falta direnean, ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak eta sindikatuko exekutibako kide Ane Zelaiak atzo Bilbon aurkeztu zuten aurtengo Maiatzaren Lehena, “Antolatu, borrokatu, irabazi” lelo hartuta egingo dutena.

Egungo egoera sozioekonomikoa lau gai nagusik laburbiltzen dutela nabarmendu zuen Lakuntzak: enpresen etekinen handitzea, langileen lan eta bizi baldintzen okertzea, gobernuen konplizitatea, eta «ezker instituzionalaren oposizio eta proposamen alternatiboen falta».

Errealitate hori aldatzeko bestelako politika batzuk aldarrikatu zituen idazkari nagusiak: «Patronalaren interesen eta botere ekonomikoen kontrako borroka politiko, sozial eta sindikala egitea da aldaketa soziala lortzeko jarrera koherente bakarra».

«Borroka hori alboratzen bada -gaineratu zuen-, langile klaseak beharrezkoak dituen aldaketak baztertzen dira. Ezkerreko espazioetan adostasunak lortu beharko lirateke egungo politikei aurre eginez, alternatiba sozial, feminista eta ekologista bat defendatzeko».

ELAren esanetan, negoziazio kolektiboko emaitzek eta prekaritatearen aurkako borrokak berresten dute «kontrabotere ereduaren aldeko» bere apustua. Zentzu horretan, adierazi zuten sindikatuak sinatutako hitzarmenetan soldaten batez besteko igoera %6,5ekoa izan dela.

BORROKA SINDIKALAREN ALDARRIA

«Langileentzako lorpenak ez datoz ez erakundeetatik, ez elkarrizketa sozialeko mahaietatik; antolaketa kolektiboak eta borroka sindikalak bakarrik uzten digute aurrera egiten», esan zuen Lakuntzak.

«Ondorioa agerikoa da: zenbat eta borroka sindikal eta greba gehiago, orduan eta hitzarmen gehiago eta hobeak», erantsi zuen idazkari nagusiak.

Mundu mailan «belizismoaren gorakadagatik» kezka agertzearekin batera, Palestinako herriak estatua izateko eskubidea eta Gazan su-etena eskatu zituen ELAk. Era berean, Zelaiak gogoratu zuen Europako Batzordeak ohartarazi duela murrizketa politiketara itzuliko dela: «Europako egungo politikak ez dira berdeak, ez sozialak, ez bakera bideratutakoak».

«Hori guztia -jarraitu zuen Zelaiak- konplizitate politiko batekin gertatzen da: aberastasunaren banaketa Gasteizko eta Iruñeko gobernuen politiketatik kanpo dago. Osasun publikoan inbertsiorik ez egitea, etxebizitza eskuratzeko zailtasuna, zaintza sistema pribatua eta prekarizatua... horiek dira gure gobernuen politika sozialen gabezien erakusgarri nabarmenenak».

Testuinguru horretan, dei egin zuten Maiatzaren Lehenean Bilbon (11.30ean abiatuta, Jesusen Bihotzetik) eta Iruñean (11.30ean, Gurutzeko plazatik) egingo dituzten manifestazioetan parte hartzera.