GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

EHU: zaindu maite duzun hori


Artikulu honi hasiera emateko, nire biografiaren zertzelada batzuk eman nahi nituzke, bertan azalduko dudana hobeto uler dadin. Herri erdaldun batean hazi den familia etorkin eta langile bateko semea naiz. Bere sasoian, ikasle nahiko ona zena. Euskara, niretzat, soilik eskolan jasotzen nuen hizkuntza zen, nire maila traketsa nabarikoa zela. Horrela ailegatu nintzen unibertsitatera, Euskal Herriko Unibertsitatera hain zuzen ere.

Denok ondo dakigun bezala, Euskal Herriko Unibertsitatea unibertsitate publikoa da, beraz, guztiona eta denona. Guztion zergekin ordaintzen da, unibertsitatera datozen edo lan egiten dugunon zergekin, baina baita ere unibertsitatera etortzen ez diren eta inoiz etorriko ez diren herritarren zergekin ere. Horrela izanik, euskal herritarrek pozik ordaintzen dituzte euren zergak kalitatezko unibertsitatea izateko, inkestek adierazten duten bezala. Gaur egun UPV/EHUko komunitateko kidea izanik, hau guztia ardura bat bada, baina, nagusiki, harrotasuna.

Eta, noski, unibertsitate publikoa existituko ez balitz, ez nuke gaur egun dudan ikasketa maila izango eta ez nituzke gaur egun ditudan aukera bital zein laboralak izango. Bekak existituko ez balira, gaur ez nuke ikasketa unibertsitariorik izango, eta nire adibidea salbuespena ez dela uste dut. Baliabide ekonomiko handiak izan ez dituzten familietan jaio garenok unibertsitate publikoei esker izan ditugu izan ditugun aukerak. Kasu honetan ere ardura bat suposatzen du, baina, nagusiki, harrotasuna.

Hasieran aipatu dudan bezala, unibertsitatera ailegatu baino lehenago nire euskara maila ez zen ona, ez nuelako praktikatzen eta nire egunerokotasunetik urrun zegoelako. Unibertsitatean hasi nintzen euskara gero eta gehiago erabiltzen, bai klase barruan zein kanpoan, eta unibertsitatean sentitu dut euskara bidelagun.

UPV/EHUko espazioetan euskara entzuten da, gure gizartearen gainontzeko espazio gehienetan baino askoz gehiago, eta hau askotan ahaztu egiten zaigula iruditzen zait. Gaur egun 50.000 pertsonak osatzen dugu UPV/EHU. Ba ote dago beste erakunderik non bere administrazio-kontseiluko −gurean Gobernu Kontseilua deiturikoa− hizkuntza nagusia euskara den? Gurean horrela da.

Euskararen kasuan ere, nire izaera ezin dut ulertu unibertsitateari so egin gabe. Nire bizitza pertsonala zein laborala egiteko gaitasuna baldin badut, berari esker da. Lorpen hau osoki ez da unibertsitatearena, baina zati handi bat bada berea eta bere testuinguruarena. Berriz ere ardura, baina, gehienbat, harrotasuna.

Bukatzen hasteko, UPV/EHU gabe ezin dut nire burua ulertu, ez nintzen naizena izango. Bizitza honetan aukerak izan ditut eta aukera horiek euskaraz disfrutatu ahal izan ditut. Ez dut uste nire adibidea bakarra denik: asko eta asko gara unibertsitateari esker aurrera egin dugunok eta gure gurasoak baino aukera gehiago izan ditugunok.

Zer izango nintzateke UPV/EHUn ikasteko aukerarik izan ez banu? Eta zu irakurle, UPV/EHUn ikasi bazenuen edo ikasten bazaude, zer izango zinateke UPV/EHU gabe? Merezi du galdera honi erantzuten saiatzea.

Testuinguru honetan, azken galdera bat etortzen zait burura. Zer gertatuko litzateke UPV/EHU desagertuko balitz? Erantzuna agerikoa den arren, batzuetan pentsatzen dut agian merezi duela bi hilabetez bada ere desagertzea, egiten duen guztia estimutan edukitzeko. UPV/EHUrekiko zorretan nagoelako eta era berean harro nagoelako argi daukat, abesti ezagun batek esaten duen bezala: zaindu behar dugu maite dugun hori.