GARA Euskal Herriko egunkaria

Otxandiano: «Mapa politikoaren erdigunean kokatu da EH Bildu»

EH Bilduk inoizko emaitzarik onenak izan zituen atzoko hauteskundeetan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Atzo gauean amaitu ziren inkesten gorabeherak eta osatuta geratu zen Gasteizko parlamentuen eserlekuen kolorea. EH Bilduk inoizko emaitzarik onenak eskuratu zituen. Bilboko Zabalguneko merkatuan egin zituen hauteskundeen ondorengo lehen balorazioak, ezker independentistako komunitateak besarkaturik. 27 eserleku eskuratzeaz gainera, alderdi subiranistak inoizko boto gehien lortu zituen, ia 350.000, eta inoizko legebiltzarkide gehien izango ditu Gasteizko parlamentuan, pasatu den hauteskundeetan baino sei gehiago.

Pello Otxandiano lehendakarigaiak adierazi zuen ezker subiranismoak ia 100.000 boto gora egin duela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hauteskunde hauetan. Sei eserleku gehiago eskuratu ditu eta, beraz, jada mapa politikoa aldatu dela berretsi zuen Otxandianok: «Jada beste garai batean gaude. Duela lau urte indar politiko bat zegoen hegemonikoa zena instituzionalki, eta hamar eserlekuko aldea genuen. Gaur eserlekuetan ez dugu alderik».

Araban eta Gipuzkoan lehen indarra izan zen EH Bildu, eta hainbat herritan ere lehen indarra aurreneko aldiz izan zela nabarmendu zuen lehendakarigaiak; Eibarren, Zumarragan edo Urretxun, esate baterako. Bestalde, Bizkaiko Ezkerraldean «beste jauzi bat» eman izana txalotu zuen: «Herri hau martxan jarriko dugu bere gaitasunen neurrian. Geldiezina da».

GARAI BERRI BAT

«Garai historiko berri bat» abiatu dela adierazi zuen Otxandianok. Baieztatu zuen mapa politikoaren erdigunean kokatu dela ezker subiranista: «Bide onean goaz, oso azkar goaz bide horretan aurrera». Eta azken urte eta hilabeteetan izandako goranzko joera txalotu zuen.

Emaitzak irakurtzeko bi modu daudela azaldu zuen: alderdi ikuspegia eta herri ikuspegia. Lehenbizi, alderdi ikuspegiari begiratuz, «ezkerreko subiranismoak bere historian atera dituen emaitzarik onenak dira», esan zuen pozarren, eta merkatuan zeuden kideek oholtza azpitik poz oihuak eta independentziaren aldeko aldarriak egin zituzten.

Baina herri ikuspegia erdigunean jarri beharra azpimarratu zuen, «ardura historikoagatik». Jasotako herri mandatuari erantzungo diotela promes egin zuen Otxandianok: «Jauzi bat eman behar dugu burujabetzan, eta politika publiko berdinzaleagoak egin behar dira». Eta orain eratuko den Gasteizko parlamentua «inoizko abertzaleena izango da, gehiengo oso bat ezkertiarra izango da, eta hori nabaritu egingo da».

EH Bilduk Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan burujabetzan eta politika publikoetan «jauzi bat egitea posible» egingo duela gehitu zuen Arabako zerrendaburuak.

Bestalde, Gasteizko parlamentuan ordezkaritzarik izango ez duten ezker konfederaleko 50.000 bozkatzaileengana ere zuzendu zen Otxandiano, eta adierazi zien EH Bildu haien ordezkaria ere izango dela Gasteizen eta, horregatik, ezkerreko ikuspegia bermatuko duen alderdia berea izango dela.

EUSKAL HERRIAN, 400.000 BOTOTIK GORA

Arnaldo Otegik, hauteskunde gauean, kanpainan zehar egin gisara, nazio ikuspegia izan zuen ardatz, eta zazpi lurraldeei erreferentzia egin zien: «Abertzaleek kontabilitatea maila nazionalean egiten dugu, guretzat Euskal Herria zazpi lurraldek osatzen dutelako. Eta esan dezakegu Euskal Herrian 400.000 bozka baino gehiago ditugula. Lehen indar abertzalea gara, Euskal Herria bere osotasunean kontuan hartuta».

Otegik ere aipagai izan zituen egindako urratsak: «Gasteizen irabazi dugu, Araban irabazi dugu, Gipuzkoan irabazi dugu. Sekulakoa egin dugu gaur. Erronka batzuk jarri genituen kanpainan zehar, eta erronka guztiak bete ditugu, 350.000 boto inguru batu ditugu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan».

Bestetik, 30 eserlekutatik 20tik baino hurbilago geratu nahi zuten, eta lortu dutela nabarmendu zuen EH Bilduko koordinatzaile nagusiak.

Hurrengo erronkei begira jarri zen gero Otegi, Europako hauteskundeei begira, hain zuzen ere: «Lehen indar politikoa izan behar dugu Europako hauteskundeetan».