Maddi TXINTXURRETA
DONOSTIA

EH Bilduk bere feudoa finkatu du, EAJ aise gaindituta

EH Bilduk 130.000 botoko langa gainditu du eta bere feudoa finkatu du Gipuzkoan; 11 ordezkari eramango ditu Legebiltzarrera, bi gehiago. EAJri, bigarren indarrari, 30.000ko aldea atera dio koalizio abertzaleak.

Denis Itxaso, PSEren Gipuzkoako zerrendaburua, botoa ematen.
Denis Itxaso, PSEren Gipuzkoako zerrendaburua, botoa ematen. (EUROPA PRESS)

Ziklo politikoa aldatzeko gogoa adierazi zuten gipuzkoarrek, baina, batez ere, aldaketa hori EH Bilduren eskutik nahi dutela berretsi zuten. Koalizio abertzalea lehen indarra da lurralde honetan eta 130.000 botoko langa gainditu du. Hautesleen %40,28k hautatu zuen Nerea Kortajarena buru duen zerrenda.

2020ko hauteskunde autonomikoetan garaipena kasik ukitzeraino hazi zen EH Bildu, jeltzaleengandik banatzen zuen aldea 4.000 boto eskasera eta puntu soil batera estutuz. Sorpasso handia 2023ko foru eta udal hauteskundeetan gertatu zen, EAJk baino 15.000 boto gehiago lortuta. Baina, atzo, igoera ziztuan eman zuen EH Bilduk: 136.301 pertsonen babesa jaso zuen, duela lau urte baino 30.000 boto gehiago bilduta, eta udal eta foru hauteskundeetan baino 15.000 gehiago.

Gainera, bigarren indarra izatera pasatu zen EAJk baino ia 30.000 boto gehiago pilatu zituen ezker abertzaleak eta, beraz, urtebete baino gutxiagoko epean, udal eta foru hauteskundeetan EAJri atera zion aldea bikoiztu du. Hala, EH Bilduk bere feudoa finkatu du lurralde honetan eta Gasteizko Ganberan 11 legebiltzarkide sartuko ditu, orain dituenak (9) baino bi gehiago.

Parte hartzearen igoerak hauspotuta (%61,71koa izan zen, 2020an baino zazpi puntu gehiago), EAJk boto-emaile fidelen babes mailari eustea lortu du eta paper-eskutada txikia galdu zuen, 2.031 guztira. Hala ere, 2020an nahiz iazko udal eta foru hauteskundeetan abstenitu zirenek oraingoan EH Bilduren alde egin dutela dirudi, eta koalizio abertzalearen haziera handiak jeltzaleen boto portzentajea jaitsarazi zuen (botoen %31,78 izan zituen). Horren eraginez, EAJk ordezkari bat galdu du Legebiltzarrean; Bakartxo Tejeria buru duen zerrendak Gipuzkoako 9 legebiltzarkide izango ditu aurrerantzean.

Hautesleek ez zuten zigortu, bestalde, PSEren gobernuko jarduna, eta Gipuzkoatik ordezkari bat gehiago izango du Legebiltzarrean, 4 guztira. Laugarren eserleku hori jokoan izan zen EH Bilduren eta PSEren artean, eta azkenean Denis Itxaso zerrendaburu duen taldeak eraman zuen. Lau urte atzera egin ziren bozen aldean, 7.092 boto gehiago bildu zituzten sozialistek, lurraldeko paperen %13,56.

PPk botoen erdiak galdu zituen 2020ko hauteskundeetan (30.000tik 14.000ra jaitsi zen), baina atzo joera iraultzea lortu zuen eta boto-paperen %6,42 lortzeraino hazi zen, nahiz eta Gasteizko Legebiltzarreko ordezkaritza berdin mantenduko duen, aulki bakarrarekin. 21.722 boto lortuta (azken hauteskunde autonomikoetan baino 7.636 gehiago), Muriel Larreak segituko du legebiltzarkide zereginetan.

Galtzaile handia, aldiz, ezker konfederala izan zen. Elkarrekin Podemosen gainbehera konponezina desagertzeraino iritsi zen, eta Sumarrek ez zuen aulki bat bereganatzeko adina ilusio sortu.

HEGEMONIA

Fokua udalerrietara hurbilduta, agerikoa da EH Bilduren hegemonia eta EAJren boterearen galera progresiboa. 2020an nagusiki jeltzaleen aldeko hautua egin zuten udalerri gipuzkoarrak hogei ziren; zazpi besterik ez ziren izan atzo: Hondarribia, Irun, Elgoibar, Beasain, Albiztur, Olaberria eta Donostia mantendu ditu, azken hau 800 botoko alde apurrarekin.

Aldiz, duela lau urte egindako hautua aldatu eta koalizio abertzalearen alde eman zuten Zarautz, Eibar, Azkoitia, Urretxu, Zumarraga, Deba, Aia eta Abaltzisketako herritar gehienek. EH Bilduren hegemonia ezbairik gabea da Gipuzkoan: lurraldeko 89 udalerrietatik 82tan irabazi du koalizioaren zerrendak.