GARA Euskal Herriko egunkaria

Gasteizen Michelinek «arbitrarioki kaleratzen» duela salatu dute

CGT, ELA, ESK eta LABek elkarretaratzea egin zuten atzo, Michelinek Gasteizen duen lantegiaren sarreran, zuzendaritzak «zigortzen eta arbitrarioki kaleratzen» jarraitzen duela salatzeko. Azaroan kaleratutako langile baten itzulera aldarrikatu zuten bildutakoek.

Gasteizen egindako elkarretaratzeko argazkia. (ESK)

«Michelinek zigortzen eta arbitrarioki kaleratzen jarraitzen du, aurkako epaiak kontuan hartu gabe». Hala adierazi zuten CGT, ELA, ESK eta LABek, atzo Gasteizen elkarretaratze bat egin zuten sindikatuek.

Ohar batean azaldu zutenez, Gasteizko Michelineko zuzendaritzak langileei «bere diziplina-araubidea aplikatzen jarraitzen du, neurriz kanpo eta askotan justifikaziorik gabe». «2023an langileei jarritako zigor kopurua kezkagarria izan zen; 60 langile baino gehiago zigortu zituzten, eta horietatik 15 kaleratu», gogoratu zuten, eta egoera txartu egin da udazkenetik, langileek Lantokien arteko Batzordetik irtetea erabaki zutenetik.

Sindikatuen esanetan, zigortutako pertsona gehienek epaitegietan kaleratze bidegabeen aitorpena lortu dute, «edo Michelinek berak onartzen du aldez aurreko akordio baten bidez, kaleratze horien oinarrian egon ohi den argudio lausoaren ondorioz». Baina askok ez dute helegiterik aurkezten, «jakin baitakite errepresaliak egon daitezkeela gero eta autoritarioagoa den zuzendaritzari aurre eginez gero».

Ruben Calvoren kasua da horren adibide. Azaroan kaleratu zuten, «beste lankide kaleratu baten epaiketara lekukotza ematera joan ondoren». «Kaleratze-gutunean, beste kasu askotan bezala, gezurrez beteta eta desitxuratuta dauden gertakari batzuk azaltzen dira. Egitate horiek epaiketa baino hilabete lehenagokoak dira, eta, gure ustez, epaiketara lekukotza ematera joan izan ez balitz, ez ziratekeen inoiz beraren aurka manipulatuko», diote sindikatuek.