OIHANA AZKUE
DONOSTIA
Entrevista
JUANTXO ZEBERIO
Tenpora musika taldeko kidea

«Kantu bakoitzari eskatzen digun hori ematen diogu»

Amak ematen digu bizitza, ama (ama natura) dugu bizitoki. Ama da abiapuntua, ama da gure bidaiaren geografia. Amaren heriotza bere bizitza propiotik haratago doan etenaldia da. Eten hori, eta beste etenaldi bat, pandemia, izan ditu ardatz Juantxo Zeberiok Tenpora taldearekin argitaratu berri duen “Ama” diskoa gorpuzten duten sei abestiak sortzeko.

(GARA)

Galdutakoa baino jasotakoa bizigai duten sei kantu. Tenporaren tenpora ekarrita, eguneroko gurpil zorotik ihesi, diapasoiaren erritmo pausatuenetara garamatzaten sei kantu. Geruzaz geruza, malenkonia, oraina eta itxaropenaren triangeluan eraikitako sei kantu. Entzuteko, bai, entzuteko, egindako sei kantu.

«Ama» lana argitaratu berri duzue Tenpora taldean. Izenburu soila itxura batera, hiru hizki, baina indartsua aldi berean inondik inora.

‘Ama’ ama da, beste gauza askoren artean bizia eman zigun hori, eta kasu honetan bada galera batek sortutako ‘ama’ ere. Badira hiru urte gure ama hil zela, eta diskoari izenburua ematen dion kantuak momentu horri egiten dio erreferentzia. Oso momentu berezia izan zen; ez dakit patua izan ote zen edo. Pianoa jotzen ari nintzen etxean, telefono honetatik bertatik melodia bat grabatzen ari nintzelarik dei bat sartu zitzaidan, eta halakoetan grabaketak eten egiten dira. Amaren zaintzailea zen amari zerbait eman ziola esateko; une horretan eten zen amaren bizitza eta baita grabazioa ere. Gero testu bat jarri nion, garbi ikusi nuen hor bazela zerbait ezin zena etxean bakarrik geratu. Kantua etorri zen, beraz, lehenengo, eta diskoa gero, baina kosta zitzaidan erabakia hartzea.

Euskaldunok badugu pudore puntu hori eta, elementu pertsonal batekin, kosta zitzaidan halako kontu intimo batetik abiatuta diskoari izena ematea; gainera, kontuan hartuta ez dela nire diskoa, taldearena baizik. Buelta asko eman eta taldekideekin hitz egin ostean, disko honetan gehiago ikusten dut ama kontzeptua zerbait unibertsala bezala. Ama bizi-emaile; guztiok daukagu ama bat. Ama, baita ere, ama lurraren kontzeptu bezala. Hiru hizki horietan esanahi oso zabala sartzen da. Erabaki genuen bazuela pisua diskoaren izena izateko.

Diskoaren azalak ere jasotzen du hori. Ordenagailuz egina dirudi, baina ez da hala. Diseinatzaileak okumez egin zituen hiru ama ezberdin; gero bata bestearen gainean jarri eta erretratatu zituen. Izugarri gustuko dut bere sinpletasunean nola irudikatzen duen ama bakoitza nola den desberdina, bakoitza nola ikusten dugun…

Polita da etenaren kontzeptu hori ere. Deiak eten zuen grabaketa, eten zen zure amaren bizitza eta aldi berean nolabait zure bizitzan eten bat egon zen. Etenaren kontzeptu hori badago nolabait Tenporaren musikarekin ere oso lotua, zuen musika badelako eten bat, parentesi bat eguneroko zurrunbilotik ateratzen gaituena.

Ez da kontzienteki bilatutako zerbait izan, baina nik uste dut baietz, horrela dela. Tenpora bost musikariren batura da. Josu Zabala laguna dugu eta berak idatzi dizkigu diskoaren sarrerako hitzak. Bertan hori aipatzera dator pixka bat. Azken batean, tenpora bada denboraren antzinako adiera, latinetik datorrena baina euskaraz ere erabili izan dena.

Askotan galde egiten digute gure estiloaz. Niri ez zait asko gustatzen klasifikatzea eta, gainera, nekeza zait. Bagabiltza pop estiloan, baina baditu beste ezaugarri batzuk horren ohikoak ez direnak, jazz ukituak, instrumentazio aldetik harpa bat entzutea, esate batera... Kantu bakoitzari eskatzen digun hori ematen diogu.

Zuk aipatutako eten hori bada denborari uztea denbora. Gaur egun bi minutu eta erdiko kantuekin bizi gara, eta ez dut esango txarra denik, ez iraganeko musika hobea zenik, egun musika on asko egiten baita. Baina bai oso lotuak gaudela sareetan eta flash-etara, gauza oso bizkorretara. Tenporaren proposamenak hortik aldendu nahi du. Esate batera, kanturik laburrenak lau minutuko iraupena du, eta bada bat bederatzi minutukoa ere. Eseri, begiak itxi eta entzun, hor gaude. Eten horrek badu koherentzia bat, dei horrek sortutako etenak diskoarekin badu jarraipena, hari batek lotzen du guztia.

«Iraolanekoa» izeneko kantuak irekitzen du diskoa.

Diskoko kantu zaharrena da. Abesti hau duela urte batzuk egin nuen udako solstizioari lotutako kontzertu baterako. Karlos Linazasoro poeta tolosarrari eskatu nion testu bat, eta hitz eder hauek egin zituen. Bukaeran dio: ‘Irauten dugu, ez gara amil’; bizitzari kantu bat da, azken batean disko osoa bezala, lan honetan ez baitiogu heriotzari abesten, bizitzari baizik. Kantua bizitzaren aldarri bat da.

Lehen beste formatu batean jotzen genuen, eta banuen gogoa buelta bat eman eta, guk diogun bezala, ‘tenporizatzeko’, gurera ekartzeko. Horretarako, lehen zeukan koloretik atera nahi nuen. Soinu bluseroetara eramaten gintuen, baina hortik atera gara harpak eta abar sartuz; bide horrek eraman gaitu soinu etereoago batera.

«Ama» kantua da diskoari izena ematen diona; musikaz gain, hitzak ere zureak dira kasu honetan.

Bai, eta ez da lehenengo egindako kantua, baina bai aurrez azaldutako guztiagatik diskoaren ardatza. Berezi egiten duten elementuak ditu kantu honek. Hasieran, esate batera, nire bi alaben ahotsak entzun ditzakegu. Zorionez, etxean baditut oso ondo abesten duten seme-alabak, eta ama hil zenean hau beraiekin grabatu nuen. Oso garbi neukan diskoan ere azaldu behar zutela; horregatik, lehenengo estrofa horretan Malentxo eta Lore entzun ditzakegu. Zuzenekoetan ere abestuko dute, eta bada neurri batean gure ama, beraien amona, izan zenari omenaldi bat.

Geruza askoko kantuak egiten dituzue, instrumentazio aldetik oso zainduak, eta hor, ahotsa bera ere instrumentu bat gehiago da. Elene Arandiaren ahots zoragarria, kasu honetan.

Nik uste dut asko zaindu dugula hori. Musika munduan harreman asko ditugu eta erraza zatekeen kolaborazioak lortzea, baina hasieratik argi izan dugu Tenpora guk bostok osatzen dugula eta tresna hori esplotatzea garrantzitsua zela. Eta, horretan, Eleneren ahotsa da entzuleari lehen iristen zaiona. Badaude koruak eta laguntzen diotenak, baina berea da Tenporako eta disko honetako ahots nagusia.

Hitzari ere garrantzia eman diozue disko honetan; Karlos Linazasoro eta Harkaitz Canoren testuak dituzue.

Bai, beti eman diogu garrantzia hitzari; izan ere, Tenporaren lehen kontzertua ere Donostiako poesia orduetan izan zen eta, hain zuzen ere, gu bostok eta Karlos eta Harkaitz aritu ginen. Gero nik testuren bat edo beste egin izan dut, baina ez naiz testugilea kontsideratzen. Harkaitzek ez du aurkezpenik behar, abesti hauetan oso Harkaitz da gainera, bere hitz jokoekin eta… bi aldiz irakurtzekoak dira, gure musika bezala. Gure musikak ere eskatzen du hori.

Harkaitzen eta Karlosen hitzak eta zuen musika ondo baino hobeto ezkontzen dira. Zer izan ohi da lehenago, hitza ala doinua?

Harkaitzen kasuan, bera oso musikazalea da eta oso barneratua du zaletasun hori. Tenporaren hastapenetatik izan da guretzat zutabe bat Harkaitz, Karlosekin batera. Bere kasuan, ohikoan musika ematen diot, ezer esan gabe, pistarik eman gabe. Eta kuriosoa da nola bere hitzak nik musika egiterakoan izan ditudan bizipenetatik oso hurbil egon ohi diren.

Karlosen kasuan ere beste horrenbeste esango nuke. Nahiz eta estetikoki oso ezberdinak izan. Inoiz hartu izan ditut bere poesiak musikatzeko, baina ez gehienetan. Musika oinarrizko bat bidaltzen diot, eta horren gainean hasten da prozesua.

Aitor Etxeberria ekoizlearen eskua ere nabari da lan honetan, aurrekoan bezala…

Azken-aurreko diskora arte guk geuk egin izan ditugu grabaketa lanak, baina kanpoko begirada baten beharra ikusten nuen, erabakiak hartzeko, eta beste hainbat arrazoigatik. Lehenengo diskoan oso ondo konpondu ginen, egia da erraza dela berekin ulertzea, eta asko eskertzen dut momentu konkretu batzuetan kantuak soiltzeko emandako iradokizunak. Erabaki horiek bakarrik hartzea konplikatuagoa da; Aitor bezalako pertsona bat alboan izatea, argi duena zuk zer nahi duzun, eta musikalki oso komunio bikaina izanik gainera, erraza da. Bigarrenez ere bera izan dugu, hortaz, bidaide eta bidaia-lagun.

Bai hitzari, baita doinuari dagokionez ere, «entzutea» eskatzen duen disko bat dela esango nuke. Zenbat eta gehiagotan entzun, orduan eta gehiago harrapatzen zaituzte kantuek…

Baietz esango nuke. Hasieran aipatzen genuen denbora, etena… bada Tenporaren ezaugarrietako bat. Entzuteko musika da, bai. Niri ere pasatu zait. Normalean sorkuntza prozesuak luzeak izan ohi dira, eta iristen da momentu bat, distantzia bat hartu behar duzuna. Aurrekoan baina zuzenekoak prestatzeko entseguetan hasi ginenean, bestelako sentsazio bat izan nuen. Normalean ondorengo entzunaldiak beldurrez egin ohi dira, lehenago entzuten ez zenituen gauzak topatzen dituzulako, normalki akatsak, eta ez gauza onak. Baina kasu honetan kontrakoa gertatzen ari zait, zenbat eta gehiago entzun orduan eta hobeto sartzen ari zaidan lana da.

Diskoari ikusten diot koherentzia bat grabaketan beharbada ikusten ez niona, buruhauste handiekin ibili ginen eta… Baina orain ‘entzuten’ jartzen naizen bakoitzean gehiago gustatzen zaidan disko bat da. Disko honek duen onena da motza dela, hori ere apustu bat izan da. Biribiltasun hori, koherentzia hori mantentzeko onuragarria izan da. Gonbidatuko nuke jendea disko hau, zuk zenion bezala, ‘entzutera’.