Hiesak eragindako lehen hildakotik «normaltasunera»
Ofizialki, 1985eko apirilaren 25ean eman zen jakitera hiesak Euskal Herrian eragindako lehendabiziko heriotza. Astebete lehenago jazo zen Gipuzkoako Ospitalean, baina egun horretan jakinarazi zuten. Euskal Herrian ezagutzen zen bigarren kasua zen Gipuzkoako gizon horrena, Gurutzetako Ospitalean beste emakume bat ingresaturik baitzen. Dena den, zaila da, gai honen inguruan, garai horietako datuak kontuan izanda, zehaztasunez ezartzea noiz edo non izan zen hiesak eragindako lehen hildakoa zehaztea. Izan ere, “Egin”-en informazioan azaltzen zenez, ofizialki lehen hildako horren anaia urtebete lehenago hil zen antzeko sintomekin, baina autopsiarik egin ez ziotenez ezin da jakin heriotzaren zergati zehatza.
Urte horretan Eivissan zen 1994an Oiartzunen Harri Beltza elkartea sortu zuen Joseba Errekalde. 1986an Estatu Batuetara joan zen eta han jakin zuen GIB-duna zela. «Suposatzen dut 1985erako GIB-duna izango nintzela, baina jakin, jakin, Estatu Batuetan egindako froga baten ondoren jakin nuen», azaldu du orain egin diogun elkarrizketan.
«Ez dakit noiz izango nuen lehenengo kasuaren berri, baina orduan Donostiako ezagun bat gure ingurutik desagertu zen. Gaixo zegoela-eta zenbait lagunek babestu zuten. Eta ez zen horretaz hitz egiten ere. Gero ulertu nuen, denborarekin. Hiesa zen. 1983an edo 1984an izango zen», gogoratu du Artefaktuarentzat. «Isiltasun» eta «klandestinitate» hitzak erabili ditu Errekaldek urte haiek gogoratzeko.
Estatu Batuetan, ordea, gai honen inguruan mugimendu indartsua antolatu zen. Batzar irekiak eta anitzak egiten ziren, eta militantzia oso garatua zegoen, AIDS Treatment Acces Program (ATAP) edo Gay Men’s Health Crisis (GMHC) taldeekin. Prebentzioa eta asistentzia bermatzea ziren horrelako taldeen helburu nagusiak. «Jendea hiltzen ari zen, eta jendeak laguntza behar zuen jateko eta medikuarengana joateko», dio Errekaldek. New York krisi sakonean zegoen garai haietan, osasun publikoaren arazo bati eta beharrei gizarte mugimenduetatik erantzun bat eman ahal izateko saiakera egin zen.
EUSKAL HERRIA ETA HEROINA
«Orereta ikastolan egin nuen BBB. Eta Errenteriako asanbladak tokatu zitzaizkidan, Bikilak dinamizatzen zituenak. Ikasle bezala oso ongi ikasi nuen asanbladen mugimenduaren inguruan. Han biltzen ginen ikasleak, etxekoandreak, langileak... New Yorken gauza bera topatu nuen, jende desberdina elkartzen zen. Armani trajea zuen Wall Street-eko exekutiboa eta Harlemen bizi zen beltza», kontatu digu Errekaldek. Hiesaren borrokaren inguruan estigmatizatua zegoen gay komunitatea indartzen joan zen Ameriketako Estatu Batuetan garai hartan.
Hiesarena, AEBetan, gay komunitatearen kezka zen batez ere. Euskal Herrian, berriz, GIBaren zabaltzea gehienbat heroina kontsumitzen zutenen artean gertatu zen orduan. «Euskal Herrira 1992an bueltatu nintzenean Iñaki Azkuna zen Osasun arloko kontseilaria. Eta oso ausarta izan zen», nabarmendu du Errekaldek. Izan ere, urte horretan Bizkaiko eskola batean haur bat kanporatu nahi izan zuten ama hiesaren eraginez hil zelako. Baina Lakuako Gobernuak ez zuen onartu. «Oso ausarta iruditu zitzaidan, aurrerakoia», azpimarratu du.
1994an Harri Beltza elkartea sortu zuten. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan Hiesaren Aurkako Elkarteak aritzen ziren garai horietan. Nafarroan Sare sortu zen ikuspegi alternatiboago batetik. Bizkaian T-4 sortu zen, Josu Jon Unanueren bultzadarekin. Ildo horretatik sortu zen Harri Beltza. «T-4-ren estatutuak kopiatu genituen, hitzez hitz», azaldu du Errekaldek.
Unanue hil berria da, Errenteriako Mikel Martin bezala. Aragoiko eta Kataluniako beste kide batzuk hil egin dira ere azkenaldian. «Shock batean nago. Hiltzen hasi gara. Beste gauza batzuen eraginez. Ez gara GIBaz hiltzen ari. Trataturik gaude, ez gara detektagarriak. Baina jendea hiltzen ari da».
Gaur egun 1994an hasitako ildotik jarraitzen du lanean Harri Beltzak. Alde batetik, GIB-dunak babesten dituzte, bizitza hobetzeko tresnak eskainiz. Bestetik, prebentzioa lantzen dute. Egin Irratiarekin eta irrati libreekin gaiaren inguruan saioak egin zituzten. Luxenburgora ere joan ziren Europako dirulaguntzak jasotzeko. EHZ jaialdian ere parte hartu zuten Askagintzako Txus Congilekin batera.
«Gaiaz hitz egitea zen helburua. Bueltatu nintzenean, gay komunitatean hiesari buruz hitz egin nahi nuenean gaiaz ez aritzeko eskatzen zidaten. Ohartzen nintzen norbait ez zela gehiago agertzen, edo beste bat desagertzen zela, edo beste bat ez zenuela berriz ikusten. Baina ez zen gaiaz hitz egin nahi», gogoratu du.
EHGAM edo Gehitu kolektiboei hiesaren ikurra borroka bezala hartzea askoa kostatu zitzaiela nabarmendu du.
Hiesaren Plana martxan jarri zuen Daniel Zulaikaren lana gogoratu du. «Denon artean, elkarteekin batera, aitzindariak izan ginen gauza askotan. Xiringak jaso eta berriak ematen ziren, aurpegia konpondu, erreprodukzioa... Estatuan ez ziren planteatu ere egiten. Gauzak lortzen genituen poliki-poliki».
EGUNGO ERRONKAK
Gaur egun, berriz, zientziak asko egin du aurrera, botikak dituzte. «Baina gure instituzioek, Zulaika desagertu zenetik, hiesa amortizatuta bezala daukate. Erronka berriak planteatzen dira eta ez dituzte kontuan hartzen. Egia da pandemia bat pasa dugula, eta Osakidetza gogor astindu duela». Horren adibide, plazaratu duten azken aldarrikapena. Orain, medikamentuak jasotzeko, ospitalera joan behar dute. Inguruko botika batean jasotzeko eskatu dute, Ipar Euskal Herrian egiten duten bezala, baina ez dute erantzunik izan. «Gauza erraza da eta gure bizi-kalitatea asko hobetuko luke», nabarmendu du. Adibidez, Gipuzkoako edozein herritik Donostiako Ospitalera garraio publikoan joatea zaila egiten da askotan, Errekalderen arabera.
25 urte botikak hartu ondoren, karga birala kontrolpean dute. Ez da hiltzen duen gaitz bat. Baina orain beste osasun arazo batzuk dituzte eta osasun sistema publikoari hauei erantzutea kostatzen zaio. Hori dute erronka.
[2006] Jokin Gorostidi ezker abertzaleko militantea hil da
2006ko apirilaren 25ean Jokin Gorostidi ezker abertzaleko militantea hil zen. Une horietan, 18/98 sumarioa zela-eta, Auzitegi Nazional espainolean epaitu nahi zuten. Urte batzuk lehenago, 1970an, Burgoseko prozesuan bi heriotz zigor jaso zituen. Jokin Gorostidiren ibilbidea azaltzeko, bere bikote eta kide Itziar Aizpuruak elkarrekin bizitakoak jaso ditu NAIZen osorik irakur daiteken testuan. Horrela hasten da: «Bere garaiko pertsona euskalduna, abertzalea, ezkerrekoa, borrokalaria, militante kontsekuentea... Harrokeriarik gabe hitz egiten entzun diot beti, apaltasunez. Bizitzaren gai larrienetan ere naturaltasunez. Tratu suabea, irribarre goxoa, algararik ez; ironia punttua begietan. Entzuten zekiena. Errespetu bikaina, eta laguntza maitasunez bildua eskaintzen zuena, etxean izan, kanpoan, edo burdinarteko lekuetan, edonon. Berezko dotoretasuna zuen hizketan eta janzkeran. Etxe apalean jaioa Tolosan, 1944ko azaroaren 4an Rondilla kaleko 14. zenbakian. Uharte, Amezketakoa ama, eta Urkizu, Tolosakoa aita, lanera etorritako baserritarren semea: Jokin Gorostidi Artola».